'Zinemina': ikus-entzunezkoen sektorea berriro abian jartzen laguntzeko kanpaina

'Zinemina': ikus-entzunezkoen sektorea berriro abian jartzen laguntzeko kanpaina

2020 Apirila 30

Covid-19 pandemiak behartutako geldialdiaren ondorio latzak direla eta, euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzea helburu duen 'Zinemina' kanpaina aurkeztu dugu. Dagoeneko garapen prozesuan dauden proiektuak, filmaketak eta zinema-aretoetako emanaldiak aste batzuk barru martxan jartzeko prestatzen ari diren une honetan, industria honen balio-kateko eragile guztien lana nabarmentzeko momentua dela uste dugu. Aldi berean, sektoreari laguntza emateko beharra azpimarratu nahi dugu, estreinaldiak aretoetara itzultzen direnean publikoaren babesa izateko.

Ildo beretik, pantaila handia maite dutenen "zinemaz gozatzeko gogoa" nabarmenduko dugu, baita industriako profesionalek beren proiektuak sortzen eta garatzen jarraitzeko duten desira ere. "Nostalgia" hori mezu baikor bihurtuko da, aukera dagoenean jarduerari indarrez eta ilusioz heltzeko, beti ere kasu bakoitzean aplikatu beharreko osasun-arauak betez.

Sentsibilizazio-ekimenak profesionalen lankidetza izango du; eta pozgarria da egiaztatzea krisialdi honetan bat egiteko eta estrategia bateratuak bilatzeko gaitasuna erakutsi duela jada sektoreak. Gauzatzen ari garen koordinazio-ahaleginen osagarri da egitasmoa. Izan ere, profesionalen elkarteekin batera, Covid-19 pandemiak sortutako agertoki berriari aurre egiteko beharrak aztertzen ari gara.

Faseak eta helburuak

Sare sozialetako ekintzen eta datozen asteetan burutuko diren komunikabideetako sentsibilizazio-kanpainen bidez, sektoreari bultzada ematearen garrantzia helaraziko dugu. Izan ere, zine-aretoetara itzultzea garrantzitsua da gure esparru sozial eta kulturalean funtsezkoa den zinema babesteko. Era berean, ikus-entzunezkoen garapen-prozesuan parte hartzen duten eragile guztiak ikusaraziko ditugu: gidoilari, aktore, ekoizle, teknikari eta abar.

Kanpaina hainbat etapatan banatuta dago, deseskalatzearen fase guztietan presente egoteko. Printzipioz, 2020an zehar luzatuko da, eta mezuak une bakoitzeko beharretara egokituko dira. Nolanahi ere, bereziki babestuko dira aurten gauzatutako euskal ekoizpenen estreinaldiak.