Zinema Euskaraz programari esker, beste bi pelikula bikoiztuko dira

Zinema Euskaraz programari esker, beste bi pelikula bikoiztuko dira

2017 Martxoa 28

"Igelen Erresuma" eta "Ardiak eta otsoak" izango dira euskaraz estreinatuko diren hurrenak

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, datozen bi hilabeteotan beste bi pelikula bikoiztuko dira euskarara. Lehena, apirilaren 7an estreinatuko den Igelen Erresuma; bigarrena, berriz, maiatzeko lehenengo ostiralean estreinatuko da, 5ean.

Biak ala biak haurrei zuzendutako pelikulak dira. Lehenengoak igelen erresumara eramango gaitu. Igelen Erregearen eta bere alabaren istorioa kontatzen digu. Erregeak Igelolinpiar Jokoen garailea bere alabarekin ezkonduko dela iragarri ostean, printzesak ihes egitea erabakiko du eta Igelolinpiar Jokoak irabazteko prestatzen hasiko da.

Ardiak eta otsoak 2017 urtean Zinema Euskaraz programaren baitan bikoizten den seigarren pelikula izango da. Igelen mundutik ardien eta otsoen mundura salto eginez, larretara eramango gaitu. Maiz gertatu ohi den bezala, ardien lasaitasuna otsoen etorrerak etengo du. Halaber, ezohiko gertaera batek erabat berezia egingo du filma.

Datozen asteetan bi film hauek zein aretotan estreinatuko diren argitaratuko dugu gure webgunean.