Zinema Euskaraz programak “Pirata Arratoia eta hazteko beste abentura batzuk” euskaraz estreinatuko du ostiralean, martxoaren 15ean, Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

Zinema Euskaraz programak “Pirata Arratoia eta hazteko beste abentura batzuk” euskaraz estreinatuko du ostiralean, martxoaren 15ean, Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

2019 Martxoa 13

Zinema Euskaraz programak familia osoarentzako zinemaren aldeko apustua sendotuko du euskaraz egingo dituen hurrengo estreinaldi komertzialekin.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bidez, EZAE aretoen sarearekin elkarlanean eta Hiru 3 Umeak katearen laguntzarekin bultzatzen duen programari esker, Euskadiko eta Nafarroako pantailetan urte osoan zehar nazioarteko filmez euskaraz gozatzeko aukera izango da.

Pirata Arratoia eta hazteko beste abentura batzuk filmak bidelapur gozozaleenaren istorioa kontatzen du. Zaldi gainean dabilela, Arratoi Piratak bidean topatzen dituen bidaiariei janaria lapurtzen die. Baina, egun batean, bera baino azkarragoa den norbaitekin gurutzatuko da. Filma osatzeko, haztearen abenturari buruzko beste hiru istorio ere egongo dira ikusgai. Grufaloa lanaren egileek sortutako istorio hau haztearen abenturaren inguruko beste hiru film laburrekin batera aurkeztuko da. Jeroen Jaspaert-ek (Stick Man) zuzendu du haurrei bideratutako film hau.

Apirila ere euskarazko estreinaldiz beteta iritsiko da eta adiskidetasuna edo ametsen aldeko borroka erakutsiko dituzte beste hainbat baliorekin batera: Alfombra magikoa (Paycom Cinema) eta Terra Willy  (Karma Films) apirilaren 5 eta 26an, ostiraletan, estreinatuko dituzte hurrenez hurren.

Alfombra Magikoa Karsten Kiilerich-ek, film labur onenarentzako Oscar sarietarako hautagaiak, zuzendu du eta Hodja-ren istorioa kontatzen du. Hodja gurasoekin eta Raya ahuntzarekin batera Pjort-en, Bulgislav-eko basamortuko herrixka batean, bizi den haurra da. Pjort toki polita da, baina txikia, eta Hodjak egunero egiten du amets zerumugan ikusten dituen mendiez harago dagoen mundu handia bisitatzearekin.

Hirugarren estreinaldian, Terra Willy filmean (hori ere haurrei zuzenduta dago), Willy espazioan zehar misio batean gurasoekin bidaiatzen ari den haurra da. Istripu bat dela eta espazio-ontzia suntsitzen denean, Willy larrialdiko kapsula batean espazio-ontzitik atera eta gurasoengandik aldenduko da eta aztertu gabeko planeta basati batean hartuko du lur.  Buck izeneko bizirauteko robotarekin eta bere lagun estralurtar berriarekin, Flash-ekin, batera, Willy berriro gurasoekin elkartzeko moduaren bila hasiko da mundu berri zirraragarri horren sekretuak ezagutzen dituen bitartean.

Pirata Arratoia areto hauetan estreinatuko dute ostiralean: ANTIGUO BERRI (Donostia), NIESSEN ZINEMA (Errenteria), GETXO ZINEMAK (Getxo) eta GOLEM LA MOREA (Iruña).