Zinema Euskaraz programa itzuli da ‘Bihurri’ filmaren estreinaldiarekin EAEko eta Nafarroako zinemetan

Zinema Euskaraz programa itzuli da ‘Bihurri’ filmaren estreinaldiarekin EAEko eta Nafarroako zinemetan

2020 Abuztua 20

‘Bihurri’ (Kanada) ostiralean iritsiko da gure lurraldeko zinema-aretoetara, Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren bidez.

Ekimen honen bitartez, Zineuskadik euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoarekin jarraitzen du. Kontuan izan behar dugu sektore honi COVID-19aren pandemiak sortutako geldialdiak gogor eragin diola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak haur eta gazteentzako pelikulak bikoiztea bultzatzen du, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Zinema Euskaraz programak bere harri-koskorra ekarri nahi du zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzeko, publiko guztientzako eduki erakargarria eskainiz udako film eskaintzari.

‘Bihurri’ balorez betetako istorio samurra da, bakarrik utzitako txakur aristokratiko bati eta abestiak konposatuz aurrera egiten saiatzen den neska gazte bati buruzkoa. Bere lehengo jabearen iloba diruzaleek Bihurri harrapatu nahi dute eta txakurra haiek saihesten saiatuko da. Filmaren zuzendaria Kefin Hohnson da, ‘Alvin y las Ardillas’ filmeko animazio-zuzendari/gainbegiralea, eta Conrad Vernon da produktore exekutiboa, ‘Shrek 2’ eta ‘Madagascar 3’ filmen egileetako bat.

Pelikulak 87 minutu irauten du, eta Kanada eta AEB herrialdeen arteko koprodukzioa da. Haurrentzako zineman erreferentziazkoa den Flins & Pinículas banatzailearen bidez iritsi da gure aretoetara.

Hurrengo zinemetan estreinatuko da filma: Golem Alhóndiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Getxo Zinemak, Gran Cinema Zugaza (Durango), Multicines 7 (Bilbo), Gorbeia (Vitoria-Gasteiz), Niessen (Errenteria), Príncipe (Donostia-San Sebastián), Oñatiko Zinema, Bastero (Andoain), Zelai Arizti (Zumarraga), Areria (Lazkao) eta Gurea (Villabona).

Era berean, irailean Zinema Euskaraz programak bultzatutako beste film bat iritsiko da aretoetara: ‘Koko dragoi txikia oihanean’. Lehen aldiz, suzko dragoiak eta gourmet dragoiak elkarrekin joango dira oporretara, bi tribuen arteko adiskidetasuna sustatzeko. Baina Koko, suzko herensuge txiki bat, eta haren laguna, Oskar, gourmet herensuge bat, desengainatuta daude. Beren adiskiderik onena, Matilde arantzurdea, bidaiatik kanpo utzi dute dragoia ez delako. Erabaki horri aurre egiteko, udako kanpamendura eramango dituen ontzian ezkutatzea erabaki dute, eta beren bizitzako opor onenak izango dituzte.