Zinema Eraikitzen sailak, Donostiako eta Toulouseko zinema-jaialdien urteroko hitzordu bikoitzak, 27. edizioan parte hartzeko epea zabaldu du.
Postprodukzio-arazoak dituzten Latinoamerikan ekoitzitako film luzeak bukatzen laguntzea da ekimenaren helburua. Bi zinema-jaialdietako batzordeek aukeratutako sei film profesionalen aurrean aurkeztuko dira, bukatzen eta banatzen laguntzeko aukera izan dezaten.
Zinema Eraikitzen sailak aurkezten diren filmen ekoizleen eta nazioarteko industriako kideen arteko elkartrukea eta elkarlana sustatzen du. Hala, azken urteetako talentu berriak ezagutarazi ditu eta Latinoamerikako film labur gailenetako batzuk bukatzea eta merkaturatzea bultzatu du, besteak beste: Pablo Larraínen Tony Manero, Sebastián Lelioren Gloria, Amat EscalanterenSangre, Benjamín Ávilaren Infancia Clandestina (Haurtzaro Klandestinoa), William Vegaren La sirga, Mariana Rondónen Pelo Malo, Benjamín Naishtaten Historia del miedo eta Alejandro Fernández Almendrasen Matar a un hombre.
Hamahiru urtetik gorako ibilbidea izanik, Zinema Eraikitzen ekimen sendoa da eta Atlantikoko bi aldeetako ekoizleentzat eta industriako kideentzat saihestu ezinezko hitzordu bilakatu da.
IZEN EMATEA
-
Latinoamerikako herrialdeek erabat edo partzialki ekoitzitako film luzeek parte har dezakete.
-
Film luzeen behin betiko iraupenak 60 minututik gorakoa izan behar du.
-
Izena emateko garaian, pelikulek postprodukzio-fasean egon behar dute (gutxienez, lehenengo mozketa).
-
Hautaketara aurkeztutako mozketak gutxienez 45 minutuko iraupena izan behar du, eta jatorrizko bertsioa gaztelaniazkoa ez bada, ingelesera azpititulatuta egon behar du.
-
Izen-ematea doakoa da.
Izen-ematea online egin daiteke, hemen: www.cinelatino.com.fr/cc/
FILMEN IZENA EMATEKO ETA MATERIALA JASOTZEKO AZKEN EGUNA: 2015eko URTARRILAK 30 Informazio gehiago hemen