Zinegabonak zikloari esker laugarren urtez jarraian Euskal Herriko haurrek euskarazko filmak ikusteko aukera izango dute. Zineuskadik, Euskal Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoak, EITBrekin elkarlanean euro bakarrean jarriko ditu eskuragarri film guztiak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Urruñan.
Orotara, 11 pelikula eskainiko ditu Zinegabonak zikloak: Albert; Doeramon Stand By Me; Iparraldeko Norman; Oker; Pan, Sekula Betirako Bidaia; Printze Txikia; Snow Queen; Tom Txiki; Tximinoen Erresuma; Yoko eta Lagunak eta Zipi Zape eta Kapitainaren Irla.
Zikloa abenduaren 26tik 31ra bitartean izango da eta proiekzioak Golem Alhondigan (Bilbo), Printzipen (Donostia), Floridan (Gasteiz), Golem Baionan (Iruñea) eta Itsas-Mendin (Urruña) izango dira. Zinema aretoez gain, lau film Bilboko EITBren egoitzan emango dira, Multibox aretoan. Bertan sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa da HIRU3 komunitateak banatutako gonbidapena aurkeztea.
Animaziozko film guztiak euro bakarraren truke –Multibox aretokoak doan dira– eta goizeko 11.00etan proiektatuko dira. Ondorengoa da prestatu den programazioa:
Abenduak 26
- Doraemon Stand By Me - Bilbo, EITBren egoitza Multibox Aretoa
Abenduak 27
- Iparraldeko Norman - Bilbo, EITBren egoitza Multibox Aretoa
Abenduak 28
- Albert - Bilbo, EITBren egoitza Multibox Aretoa
Abenduak 29
- Pan, Sekula Betirako Bidaia - Bilbo, EITBren egoitza Multibox Aretoa
Abenduak 30
- Snow Queen -Bilbo, Golem Alhondiga
- Printze Txikia – Donostia, Printzipe Zinemak
- Albert - Gasteiz, Florida Zinemak
- Zipi Zape eta Kapitainaren Irla - Iruñea, Golem Baiona
- Oker - Urruña, Itsas Mendi
Abenduak 31
- Zipi Zape eta Kapitainaren Irla - Bilbo, Golem Alhondiga
- Tom Txiki – Donostia, Printzipe zinemak
- Tximinoen Erresuma - Gasteiz, Florida Zinemak
- Snow Queen - Iruñea, Golem Baiona
- Yoko eta Lagunak - Urruña, Itsas Mendi
Zinema Euskaraz Zinegabonak zikloan eskaintzen diren film guztiak, Zineuskadik kudeatzen duen Zinema Euskaraz programak bikoiztutakoak dira. Bukatzear dagoen urtean, guztira, hamalau film estreinatu dira euskarazko bertsioan, eta azken bost urteotan 67 izan dira programa honi esker euskaraz estreinatu diren filmak. Zinema Euskaraz programak herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatu, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabili eta aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen filma sorta jartzea du helburu.