Zinegabonak ekimena film gehiagorekin, animazio tailerrekin eta areto berriekin itzuliko da

Zinegabonak ekimena film gehiagorekin, animazio tailerrekin eta areto berriekin itzuliko da

2019 Abendua 19

Abenduaren 26tik 29ra bitartean, Zinegabonak egitasmoa gauzatuko da gazteek eta familiek jaiegun horietan plan alternatiboaz gozatu ahal izateko euskarazko film eta animazio tailerrekin. Beste behin, Zineuskadik, EZAErekin eta EITBrekin elkarlanean, txikien sormena suspertu eta pantaila handian eta euskaraz ikusten diren filmen aldeko apustua egin du. Oraingo honetan Euskal Herriko bost zinema - aretok eta Multibox-EiTBk hartuko dute parte.

 

Abenduaren 26an, osteguna, hasiko da Zinegabonak ekimenaren edizio berria. Lau egunez, 10 film proiektatu eta hiru tailer egingo dira Euskal Herriko hainbat udalerritan. Zineuskadik, EZAErekin eta EiTBrekin elkarlanean, antolatutako ekimena Multibox– EiTB aretoetan, Donostiako Principe zinemetan, Bilbo eta Iruñeko Golemen, Beasaingo Usurbe aretoan, Mungiako Olalden eta Urruñako Itsas-Mendi zineman burutuko da. Tailerren eta filmeen prezioa berbera izango da: saio bakoitzeko 1€-koa.

Oraingo honetan, tailerrak Takeshi Nagate eta Kazue Monno artista japoniarrek garatutako Pika-pika (‘dir dir’ euskaraz) teknikarekin burutuko dira. Partaideek argiaren bidezko marrazketa edo Light Painting izenez ezaguna denarekin gozatu ahal izango dute. Teknika hori, batez ere, Picassoren argazkien bitartez ezagutzera eman zen, linternarekin airean zezenak marrazten baitzituen, besteak beste. Euskarri digitalen zabalkuntzarekin batera hasi ziren erabiltzen prozedura hau animazio teknika bezala, paperean eginiko marrazketa linternaren argiarekin airean egindako diseinuengatik ordezkatuz. Tailerraren bukaeran, parte-hartzaileek sortutako obra proiektatuko da. Horregatik, beharrezkoa da sakelako telefonoak edo linternak eramatea.

Programazioa

Gainerako egitarauari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da familia osoarentzako filmak direla. Hala, adin ezberdinetako ikusleek aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izango dute pelikula hauekin: Maya Erlea 2: ezti jokoak (Australia, 83’), Harpetarra (Erresuma Batua, 90’), Zikoina (USA, 87’), Paddington (Erresuma Batua, 95’), Ploey (Islandia, 83’), Smallfoot (USA, 96’), Luis eta extralurtarrak (Alemania, 86’), Oin Handiren semea (Belgika, 92’), The Wish Fish (Espainia, 71’) eta Aita, zonbia naiz (España, 80’).

 

Honako hau da tailerren eta filmen egutegia:

 

MULTIBOX ARETOAK – BILBO

Osteguna, abenduak 26, 11:30 – Zikoinak

Ostirala, abenduak 27, 11:30 – Harpetarra

PRÍNCIPE ZINEMAK - DONOSTIA

Ostirala, abenduak 27, 11:30 – Animazio tailerra

Larunbata, abenduak 28, 11:30 – Paddington

Igandea, abenduak 29, 11:30 – Harpetarra

OLALDE ZINEMAK - MUNGIA

Osteguna, abenduak 26, 11:30 – Animazio tailerra

Larunbata, abenduak 28, 11:30 – Ploey

USURBE ZINEMAK - BEASAIN

Osteguna, abenduak 26, 11:30 – Animazio tailerra

Larunbata, abenduak 28, 11:30 – Smallfoot

Igandea, abenduak 29, 11:30 – Luis eta Extralurtarrak

GOLEM ALHONDIGA – BILBO

Larunbata, abenduak 28, 11:30 – Maya Erlea 2: Ezti jokoak

Igandea, abenduak 29, 11:30 – Oin handiren semea

GOLEM BAIONA – IRUÑEA

Larunbata, abenduak 28, 11:30 – Oin handiren semea

Igandea, abenduak 29, 11:30 – Maya Erlea 2: Ezti Jokoak

ITSAS MENDI ZINEMA – URRUÑA

Larunbata, abenduak 28, 11:30 – The Wish Fish

Igandea, abenduak 29, 11:30 – Aita, zonbia naiz