Ventana Sur, euskal ikus-entzunezko une handiaren beste adierazle bat

Ventana Sur, euskal ikus-entzunezko une handiaren beste adierazle bat

2020 Azaroa 27

Bigarren urtez jarraian, euskal zinemak presentzia handia izango du Ventana Sur jaialdian. Aurten, salbuespen gisa, online egingo da azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean. Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu handiena da, nazioarteko banatzaile eta erosleentzako derrigorrezko hitzordua.

Aukeraketa aipagarrienen artean, Alberto Vázquez zuzendariaren ‘Unircorn Wars’ dago, Uniko Filmseko Iván Miñambresek ekoitzia, Abano Producións, Autour de Minuit eta Schmuby Productionsekin batera. Annecyko Animazio Jaialdiak Vázquezen filma aukeratu zuen Animation! WIP-en egoteko eta atal honetan parte hartzen duen Europako lehen proiektua izango da. Filmean peluxezko hartzatxoak eta adarbakarrak baso berean bizi dira. Hartzatxoen kondaira baten arabera, adarbakarrek deabrua irudikatzen dute eta akabatu egin behar dira. Profeziak dio, gainera, azken adarbakarraren odola hartzen duen hartzatxoa izaki eder eta betiereko bihurtuko dela.

‘Irati’ filmak, Paul Urkijoren proiektu berria, New Spanish Bloody Cinema Showcase atalean parte hartuko du. Sail hori ICAA-k antolatu du, Sitgeseko Jaialdiarekin, Fantastic 7-ekin eta Ventana Sur-eko Blood Window-ekin batera. Bere bigarren film luzean, ‘Errementari’ pelikula arrakastatsuaren zuzendariak euskal mitologian murgilduko gaitu berriro. Erdi Aroan girotutako istorioa aurkeztuko du. VIII. mendean, kristau eta musulman gerlari talde bat Pirinio paganoko baso sakonetan barneratzen da, Carlomagnok Orreagako batailan galdutako altxorra berreskuratzeko asmoz.  Irati izeneko emakume gazte misteriotsu bat gidari dutela, izaki mitologikoz beteriko mundu batean murgilduko dira gudariak. Bertan, “izena duen guztia, bada”. Ivan Miñambres buru duen ‘Unicorn Wars’-en lantaldeak eta Urquijok berak euren proiektuen aurkezpenak jarriko dituzte industriako akreditatuen eskura.


Myriam Ballesteros zuzendari arabarra ere hautatu dute Ventana Sur jaialdian parte hartzeko, New Spain Animation! Showcase sailean, Monto TV Iberoamerikak eta MB Producciones taldeak ekoitzitako ‘Masked Cinderella’ lanarekin. Telesail honek errauskineren bertsio berri bat erakusten digu. Pazientzia mugara iristen denean, eta arrebaordeek, ipuinetako gaizkile ahaltsuek edo injustiziak muga hori zeharkatzen dutenean, ‘Cenicienta Enmascarada’ heroi bihurtzen da. Ipuinen mundua salbatzeko gai da bere adorearekin eta irudimenarekin bakarrik.

 

Euskal proiekzioak

 

Market Screenings atalaren barruan, bost euskal ikus-entzunezko lan ikusteko aukera izango dute akreditatuek. Juanma Bajo Ulloaren ‘Baby’ filmak, Fragil Producciones enpresak ekoitzia eta Latido Filmsek nazioartean banatua, semea berreskuratzen saiatzen den drogazale gazte baten istorioa kontatzen du. Protagonistak semea krisiagatik saldu zuen. Arena Comunicación-eko Jaime Murciego ‘Cholitas’ filmarekin joango da, Boliviako emakume indigenek Aconcaguara egindako espedizioa kontatzen duen filma; Lara Izagirrek, berriz, ‘Nora’ aurkeztuko du, Gariza Filmsek ekoitzia eta Filmaxek nazioartean banatua. Herritik ia atera ez den hogeita hamar urteko neska gazte baten istorioa kontatzen du. Aitona hiltzean, Euskal Herriko kostaldean zehar bidaiatzea erabaki du, errautsak amonarenekin eramateko.

 

Bestalde, David Pérez Sañudo Ventana Sur-era joango da ‘Ane’ film arrakastatsuarekin. Nazioartean Latido Films-ek banatzen duen Amania Films-en pelikulak desagertutako amaren eta alabaren arteko mugei eta komunikazioari buruz hitz egiten du. Euskal partaidetza duen telesail batek ere protagonismoa izango du jaialdian; izan ere, Olmo Figueredok (Irusoin) ‘El Estado contra Pablo Ibar’ lana aurkeztuko du, Miamin hilketa hirukoitz bat dela eta Ibarri egindako epaiketaren xehetasunak erakusten dituen lana.

Gainera, Basque. Audiovisual. programak gune birtual bat izango du Cinema from Spain stand-ean, Colourful Diversity atalean. Plataformaren bidez, gure lana ezagutu nahi duten sektoreko profesionalek hitzordua eskatu ahal izango dute akreditatutako euskal zinegileekin. Halaber, proiektu garrantzitsuenak ezagutu eta etorkizuneko koprodukzioetarako informazio erabilgarria jaso ahal izango dute.