Ostiral honetan, abenduaren 14ean, estreinatuko da euskaraz “Ploey” filma islandiarra Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

Ostiral honetan, abenduaren 14ean, estreinatuko da euskaraz “Ploey” filma islandiarra Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

2018 Abendua 13

Zineuskadik Zinema Euskaraz programaren azkeneko estreinaldi komertzialarekin eta Zinegabonak egitasmoarekin emango dio amaiera urteari.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bidez komunikazio kulturalerako bitarteko gisa euskararen erabilera sustatzeko filmak eskaintzen jarraitzeko asmoa du eta horregatik aste honetan familia-giroko Ploey (Islandia-Belgika) egongo da ikusgai zinema-aretoetan.

Árni Ásgeirsson zuzendariaren animaziozko film jostagarri eta hunkigarri honek txori gazte baten istorio ederra kontatzen du. Txikienentzako sortua izan bazen ere, familia giroan gozatzeko aproposa da txori maitagarri honen abentura. Bere familiak udazkenean emigratzen duen garaian, txoria oraindik ez da hegan egiteko gai. Hori dela eta, Artikoko negua pasatu beharko du, etsai basatiei aurre egin, baita bere buruari ere, hurrengo udaberriak familiarekin bat egiteko. Bidean, askotariko espezieetako lagun berriak egingo ditu, eta haiek lagunduko diote helburua betetzen. Baina… lortuko al du txoriak familia eta benetako maitasuna ezagutzea?

Zinegabonak programa ere berrituta itzuliko da euskarazko emanaldi, zozketa eta familia osoarentzako stop motion zinema-tailerrekin. Aurtengo datak honakoak izango dira: abenduaren 26tik 30era Donostiako, Bilboko, Errenteriako, Iruñeako, Zornotzako eta Urruñako zinemetan, Eitb eta EZAEren lankidetzarekin. Gainera, Barakaldon ospatzen den Gabonetako Pin-ean ere egongo gara (Abenduaren 22, 23 eta urtarrilaren 3 eta 4) haur txiki zein gazteentzako bi filmen emanaldi bikoitzekin. BEC-eko filmeetara sarrera doakoa izango da PINerako sarrerarekin. Gainontzeko Zinegabonakeko saio eta tailerrak €1eko balio sinbolikoa izango dute.