NOKA Mentoring programa astelehenean abiatuko da emakume gidoilarien solasaldiarekin

NOKA Mentoring programa astelehenean abiatuko da emakume gidoilarien solasaldiarekin

2019 Otsaila 15

Iratxe Fresneda zinema-zuzendariak eta unibertsitateko irakasleak Meritxell Colell, Celia Rico eta Marina Stavenhagen autoreen gidoiak aztertuko ditu datorren astelehenean, otsailaren 18an, 18:30etik aurrera Tabakalerako Z aretoan. Hiru zinegileek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadik bultzatutako Noka Mentoring programaren lehen topaketa honetan parte hartuko dute. Euskal emakume zinegileen pisua eta ikusgaitasuna indartzea helburu duen formazio eta laguntza programa da Noka Mentoring

NOKA Mentoring prestakuntza programak lehen topaketa irekia burutuko du datorren astelehenean gidoi on baten gakoak aztertuko dituen solasaldiarekin. Urte osoan zehar zabalduko den programak mentoreen eta ikasleen arteko prestakuntza saioak eta zinemaren industriako langileei zuzendutako mahai-inguru irekiak konbinatuko ditu. 

Mentoretza-programan, zinemaren sektorean ibilbide aitortua duten 12 profesionalek aholkularitza saioak izango dituzte pelikula bat filmatzeko prozesuan dauden hiru euskal emakume zinegilerekin: Agurra izenburuko lehen film luzea filmatzen ari den Itziar Leemans; El Peso dokumentala filmatzen ari den Tamara Lucarini; eta 20.000 especies de abejas izenburuko fikziozko film luzea burutzeko prozesuan dagoen Estibaliz Urresola.

Formazioaren lehen faseak gidoiaren prestakuntza du helburu, eta Meritxell Colell, Celia Rico eta Marina Stavenhagen zinegileak dira lehen etapa honen arduradunak. Izan ere, eurak idatzitako istorioak pantailaratzen dituzte hiru zinegileek: Colellek  iaz estreinatutako Con el viento bere lehen film luzearekin hainbat sari eskuratu ditu; Celia Rico zuzendariak dozena bat sari irabazi ditu Viaje al cuarto de una madre opera primarekin; eta Mexikoko zuzendari eta gidoigile Marina Stavenhagenen ibilbidean De la calle edo Viaje redondo pelikulen gidoiak nabarmendu daitezke. Donostian izango dira hiru autoreak otsailaren 18tik 22ra programan parte hartzen duten hiru zinegileekin banakako prestakuntza-saioak egiteko.

Tutoretzaz aparte, hiru mentoreek Iratxe Fresnedak zuzendutako solasaldian parte hartuko dute astelehenean. Irrintziaren Oihartzunak eta Lurralde Hotzak dokumentalen zuzendaria eta ikus-entzunezko komunikazioko irakaslea da Fresneda. Topaketa honetan, gonbidatuen filmografiako eszena garrantzitsuen analisia egingo da, baita pelikula eta gidoi on batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak aztertu ere. Solasaldiaren ostean, koktela eskainiko da eta zinema-sektoreko profesionalekin nertworkinga egiteko aukera ere egongo da.

Datozen hileetan, hainbat gai jorratuko dituzten prestakuntza saioak burutuko dira: apirilaren 8tik 12ra zuzendaritzaren inguruko formazioa Alanis filmeko Anahí Berneri zuzendariarekin, Punto de Vista zinema jaialdiko zuzendari Garbiñe Ortegarekin eta El cielo gira filmeko zuzendari Mercedes Álvarezekin; ekainaren 3tik 7ra pelikularen ekoizpena izango dute hizpide Arena Comunicación ekoizpen-etxeko Itziar García Zubirik, Avalon Produccioneseko Maria Zamorak eta Frida Films enpresako Luisa Romeok; eta urrian nazioarteko salmentari eta banaketari buruzko saioak egingo dira Silvia Iturbe aholkulariarekin eta Golem Distribucióneko Marta Artica banatzailearekin. Mentoretza-saioak burutzen diren aste guztietan zinemaren industriako profesionalei zuzendutako jarduera paralelo irekiak egingo dira.