NOKA Mentoring programa aliantza berriekin indartuta itzuliko da

NOKA Mentoring programa aliantza berriekin indartuta itzuliko da

2019 Maiatza 28

Datorren astelehenean, ekainaren 3an, euskal emakume zinemagileei zuzendutako mentoretza-programaren hirugarren fasea hasiko da. Ekoizpenera bideratutako fase hau Itziar García Zubiri (Arena Comunicación), María Zamora (Avalon) eta Luisa Romeo (Frida Films) zinemagileek zuzenduko dute.

Itziarrek Tamara Lucariniren El Peso proiektu dokumentalari jarraipena emango dio, Maria Zamorak Itziar Leemansen Agurra film luzeari, eta Luisak, aldiz, Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filma landuko du. Haietako bakoitzak astebetez landuko ditu Tabakaleran (presentziala izango da) proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko alderdi nagusiak, finantzaketa-plana doituz eta koprodukzio estrategia posibleak aztertuz. Halaber, hilabetez jarraituko dituzte proiektuak urrutiko ziberkonferentzien bidez.

 

Ibilbide aitortua duten hiru mentoreek ekoizpen-eredu berriek dakartzaten erronkei helduko diete mahai-inguru batean, eta publikoarekin elkarbanatuko dituzte pitching saio arrakastatsu baterako dituzten gomendioak.  Gorantz doan Leire Apellaniz euskal ekoizlea izango da hitzaldiko moderatzailea, duela gutxi Cannesseko Zinemaldiko Marché Du Filmek gure zinema-panoramako zinemagile garrantzitsunetariko gisa gomendatu zuena. Mahai-ingurua arratsaldeko 18:00etan hasiko da Tabakalerako Z aretoan, eta ekitaldia networking-koktel batekin amaituko da. Sarrera librea eta doakoa izango da aforoa bete bitartean.

 

Bestalde, gustu handiz jakinarazi nahi dizuegu NOKAk aliantza gehiago egin dituela azken hilabeteotan. HEMEN elkartea ere proiektura batu da, eta urtebetez, eta dohainik, programak hautatzen dituen urteko hiru parte-hartzaileak elkarteratzeko konpromisoa hartu du. IBAIA Ikus Entzunezkoa elkartearekin lortutako akordioari esker, Tamara Lucarinik bere El Peso proiektua aurkeztuko du Donostiako Zinemaldiaren baitan egiten den LauHaizetara Koprodukzio foroan. Fikziozko filmei dagokionez, lehiaketatik kanpoko proiektu gonbidatu gisa aurkeztu ahal izango dira Abycine Lanzak eskaintzen duen plataforman. Kolaborazioek Zinemakumeak gara! erakustaldian hautatutako emakumezko zinemagileen lehengo laburmetraien atzera begirako ziklo batekin itxiko dira.

 

Mentoretzako azken astea proiektuak nazioartekotzeko eta banatzeko bideak aztertu eta zehaztera bideratuta egongo da, eta hori ere urrian egingo da Tabakaleran.