Zineuskadik bultzatutako programak datozen hilabeteetan bi film luze proiekturi lagunduko die garapenean eta aurre-ekoizpenean.
Joan den ostiralean, martxoaren 6an, Noka Ekoizpena programaren hirugarren edizioaren lehen modulua egin zen Tabakaleran, Donostian. Zuzendari eta ekoizle hasiberriei laguntzeko helburua du Zineuskadik koordinatutako ekimenak.
Hasierako jardunaldian, hautatutako taldeek beren film luzeen proiektuak aurkeztu zituzten; lan horiek garapenaren azken fasean eta aurre-ekoizpenaren lehen urratsetan daude. Aurtengo edizioan hautatutako proiektuak honakoak dira: ‘Gure etxea’, Yangxi Chen zuzendariarena eta Esmeralda Bravo ekoizlearena, eta ‘If I die’, Esther Vital zuzendariarena eta Aline Rajan-Harjani ekoizlearena.
Datozen hilabeteetan, bi bikoteek ondorengo mentoreen gidaritza izango dute: Andrea Jaurrieta eta Liliana Torres zuzendariak, eta Clara Lago eta Lina Badenes ekoizleak. Sorkuntzarekin eta estrategiarekin loturiko aholkularitza jasoko dute, proiektuak sendotu eta nazioarteko zinema-industriako foroetan parte hartu ahal izateko.
Lehen moduluan ere, gidoiaren garapena lantzen hasi ziren Susana Casares zuzendari eta ekoizlearekin, eta ekoizpen arloa xehatzen ere hasi ziren Sara de la Fuente ekoizlearen eskutik. Saio horiek tresna garrantzitsuak eskaini zizkieten parte-hartzaileei, proiektuen narratiba indartzeko eta filmaketaren plangintza praktikoa egituratzeko.
Noka Ekoizpenak zuzendari eta ekoizleei denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen dizkie. Programaren helburuetako bat da aurrekontu egokiak prestatzea Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) dirulaguntzak eskatzeko, baita nazioarteko zinema-industriako beste foro profesional batzuetara aurkezteko ere. Horrez gain, parte-hartzaileek ekoizpenaren plangintza egiteko laguntza jasoko dute, filmatzen hasi ahal izateko.
Prozesua Abycine Lanzan, zinema independentearen profesionalentzako erreferentziazko merkatuan, egingo den pitch profesional batekin amaituko da. Hain zuzen ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sariak jaso zituzten merkatu horretan: ‘Canción Animal’ filmak ECAM Forum saria irabazi zuen, eta ‘La Koreana’ lanak Porto Post Doc saria.
