Noka Ekoizpenaren emakume zuzendari eta ekoizle berriek euren film luzeak martxan jartzeko aukera emango dien programaren azken faseari ekin diote

Noka Ekoizpenaren emakume zuzendari eta ekoizle berriek euren film luzeak martxan jartzeko aukera emango dien programaren azken faseari ekin diote

2025 Ekaina 24

Emakume zuzendariek eta ekoizleek garapen zinematografikoaren funtsezko alderdietan sakondu zuten, hala nola aurrekontuan, finantziazio publikoan eta lege-esparruetan, sektoreko erreferentziazko profesionalek lagunduta.

Ekainaren 20an, Bilbo izan zen Noka Ekoizpenaren laugarren moduluaren eszenatokia. Programa horrek emakume zuzendariei eta ekoizle berriei laguntzen die beren film luzeen garapenaren azken fasean. Saio horrek prozesu zinematografikoaren funtsezko arloetan jarri zuen arreta, hala nola, alderdi legaletan, aurrekontuaren eraikuntzan eta EAEn eta Nafarroan eskuragarri dauden zerga pizgarrietan.

Parte-hartzaileek ikus-entzunezkoen industrian ibilbide luzea duten profesionalen laguntza izan zuten. Silvia Ruiz lege-aholkulariak ekoizpenerako funtsezkoak diren gai juridikoak jorratu zituen, eta Mercedes Selgas film-controller-ak aurrekontu lana gidatu zuen, zifrak eta finantza-egitura finantziazio publikoko iturriekin lotuz.

Ikuspegi legal eta ekonomikoaz gain, zinegileek beren proiektuak narrazioaren eta ekoizpenaren ikuspegitik garatzen jarraitu zuten, profesionalen jarraipenarekin, hala nola Rocio Mesa zuzendaria, Itsaso Arana eta Almudena Carracedo zinemagileak eta Chelo Loureiro eta Valérie Delpierre ekoizleak.

Noka Ekoizpenaren azkeneko saioa Donostian izango da, Tabakaleran, uztailaren 3an eta 4an, eta Isona Admetlla soziologo eta kultur kudeatzaileak emango duen audientzien garapenean oinarritutako tailer batekin bat egingo du. Prestakuntza horren helburua da parte-hartzaileei tresnak eta ezagutzak eskaintzea, garapen-fasetik filmak saltzeko eta banatzeko estrategia zehatzak eraikitzeko.

Gogoratu behar da Noka Ekoizpenaren bigarren edizio honetan hautatutako zinemagileak Zaira Zanguitu (‘Pajarracos’), María Monreal (‘El santo que vestí’) eta Laura Lizuma ekoizlea direla.

Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan. Hain zuzen ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sari bana jaso zuten merkatu horretan. ‘Canción animal’ filmak ECAM Forum Saria irabazi zuen, eta ‘La Koreana’ lanak Porto Post Doc Saria. Gainera, azken hori Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan aukeratu dute.