Noka Ekoizpenak zuzendari eta ekoizle parte-hartzaileak elkartu zituen Donostian, lantzen ari diren filmen gidoiaren egitura aztertzeko

Noka Ekoizpenak zuzendari eta ekoizle parte-hartzaileak elkartu zituen Donostian, lantzen ari diren filmen gidoiaren egitura aztertzeko

2024 Uztaila 04

Film luzeen proiektuen azken fasean dauden zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko Noka Ekoizpena programaren hirugarren modulua ekainaren 27an egin zen Donostiako 2deo aretoan. Zineuskadik sustatu eta koordinatutako ekimena da, Tabakaleraren laguntzarekin.

Jardunaldian, hautatutako emakume zuzendari eta ekoizleek beren lanetan egiten ari diren aurrerapenak erakusteko aukera izan zuten. Hala, Nerea Castrok (zuzendaria) eta Gádor Camachok (ekoizlea) ‘Canción animal’ lanak izan duen garapena erakutsi zuten, eta Joana Moyak (zuzendaria) eta Paloma Hernández Gonzálezek (ekoizlea) gauza bera egin zuten ‘La koreana’ proiektuarekin..

Saio berri horrek gidoiaren egitura izan zuen ardatz. Mercedes Selgas Max-eko production financial controller-ak eta Clara Lago Caballo Filmseko zuzendari nagusiak produkzioari buruzko mentoria eman zuten. Gainera, zuzendariek eta ekoizleek Noka Mentoring ekimeneko partaideekin biltzeko aukera izan zuten Isabel Peña Domingo zinema eta telebistako gidoilariaren aholkularitza tailerrera joan baino lehen.

Laugarren modulua, berriz, irailaren 5 eta 6an egingo da Tabakaleran eta ekoizpena izango du ardatz. Bertan, parte-hartzaileek proiektuak abian jartzeari, finantzaketa-iturriak lortzeko moduari eta finantzaketa-eskema ohikoenei buruz hitz egingo dute. Tailer horren ondoren, parte-hartzaileek estrategia eta finantzaketa-plana egin ahal izango dituzte, eta eskatu ahal izango dituzten laguntzen egutegia ere prestatu ahal izango dute.

Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.

Ekimen honekin, Zineuskadik jarraipena eman nahi dio Noka Mentoring programari, gaur egun Tabakalerak bultzatzen duen eta emakume zinemagileei film bat egiteko prozesuaren hasieran laguntzea helburu duen ekimenari.