Noka Ekoizpenak, emakumezko zuzendari eta ekoizle berriei film luzeen proiektuen azken fasean laguntzen dien programak, erritmo onean jarraitzen du bere bigarren modulua egin ostean

Noka Ekoizpenak, emakumezko zuzendari eta ekoizle berriei film luzeen proiektuen azken fasean laguntzen dien programak, erritmo onean jarraitzen du bere bigarren modulua egin ostean

2024 Maiatza 28

Film luzeen proiektuen azken fasean dauden zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko Noka Ekoizpena programaren bigarren modulua maiatzaren 24an garatu zen Gasteizko Artium Museoan. Zineuskadik sustatu eta koordinatutako ekimena da, Tabakaleraren laguntzarekin.

Jardunaldian, hautatutako zuzendariek eta ekoizleek beren lanetan egin dituzten aurrerapenak erakusteko aukera izan zuten, lanen tutoretzaz arduratzen diren lau zinemagileen aurrean: Estibaliz Urresola Solaguren, Rocio Mesa, Alba Sotorra eta Sara de la Fuente. Gogoan izan behar da Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartzen ari diren proiektuak ondorengo hauek direla: Nerea Castroren (zuzendaria) eta Gádor Camachoren (ekoizlea) ‘Canción animal’, eta Joana Moyaren (zuzendaria) eta Paloma Hernández Gonzálezen (ekoizlea) ‘Lakoreana’.

Gainera, pertsonaiei buruzko modulu espezifiko batera joateko aukera izan zuten. Modulu hori Alauda Ruiz de Azúa zinemagileak eman zuen, ‘Cinco lobitos’ filmaren zuzendariak, hain zuzen ere. Halaber, Bilibin Circularreko Eneko Muruzabalen eskutik, ekonomia zirkularrari eta filmaketetan jasangarritasuna ezartzeari buruzko hitzaldi bat ere izan zuten.

Datorren ekainaren 28an programaren hirugarren modulua hartuko du Tabakalerak, gidoien egituraketari buruzkoa. Jardunaldiaren lehen zatian, Mercedes Selgas film controller-ak eta Clara Lago Caballo Filmseko zuzendari nagusiak produkzioari buruzko mentoria emango dute, eta parte-hartzaileak aurrekontuari eta ekoizpena gauzatu aurretik landu beharreko beste gai legal garrantzitsu batzuei buruzko lehen urratsak ematen hasiko dira.

Bestalde, hirugarren modulu honetan, NOKA Ekoizpena ekimeneko parte-hartzaileek tarte atsegin bat partekatu ahal izango dute NOKA Mentoring programan hautatutako zinemagileekin. Gainera, Isabel Peña Domingo zinema eta telebistako gidoilariak mentoring programan emango duen aholkularitzara ere joan ahal izango dira.

Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute AbycineLanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.

Ekimen honekin, Zineuskadik jarraipena eman nahi dio Noka Mentoring programari, gaur egun Tabakalerak bultzatzen duen eta emakume zinemagileei film bat egiteko prozesuaren hasieran laguntzea helburu duen ekimenari.