Noka Ekoizpena programako emakume zinemagileek beren proiektuak garatzeko azken hilabeteei ekin diete

Noka Ekoizpena programako emakume zinemagileek beren proiektuak garatzeko azken hilabeteei ekin diete

2026 Ekaina 24

Noka Ekoizpena programaren laugarren moduluak proiektuak garatzeko funtsezko alderdi sortzaile, juridiko eta ekonomikoetan sakondu zuen.

Irailean izango den azken saioaren aurretik, Noka Ekoizpenak laugarren prestakuntza-modulua egin zuen joan den ekainaren 19an Tabakaleran. Emakume zuzendari eta ekoizle hasiberriek beren film luzeen garapenean urratsak ematen jarraitzen dute, proiektuen dimentsio sortzailea, ekoizpena eta bideragarritasuna indartzen laguntzen dieten profesionalek lagunduta.

Jardunaldia banakako lan-saioekin hasi zen, proiektu bakoitzaren egoera aztertzeko eta programaren azken faseari begira hurrengo pausoak zehazteko. Edizio honetan hautatutako proiektuak Yangxi Chen zuzendariaren eta Esmeralda Bravo ekoizlearen ‘Gure etxea’ eta Esther Vital zuzendariaren eta Aline Rajan-Harjanirena ekoizlearen ‘If I die’ dira.

Saioan ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat profesionalek hartu zuten parte, eta proiektuak garatzeko funtsezko tresnak eta ezagutzak partekatu zituzten. Silvia Ruiz lege-aholkulariak, jabetza intelektualarekin, egile-eskubideekin eta pizgarri fiskalekin lotutako gaiak jorratu zituen. Ondoren, gidoiaren eta zuzendaritzaren arteko harremana aztertzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek, Andrea Jaurrieta zuzendariaren eskutik.

Noka Ekoizpenak zuzendari eta ekoizleei denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen dizkie. Programaren helburuetako bat da aurrekontu egokiak prestatzea Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) dirulaguntzak eskatzeko, baita nazioarteko zinema-industriako beste foro profesional batzuetara aurkezteko ere. Horrez gain, parte-hartzaileek ekoizpenaren plangintza egiteko laguntza jasoko dute, filmatzen hasi ahal izateko.

Prozesua Abycine Lanzan, zinema independentearen profesionalentzako erreferentziazko merkatuan, egingo den pitch profesional batekin amaituko da. Hain zuzen ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sariak jaso zituzten merkatu horretan: ‘Canción Animal’ filmak ECAM Forum saria irabazi zuen, eta ‘La Koreana’ lanak Porto Post Doc saria.