Munduan garaien dagoen itsas argiaren argazkiarekin argituko du Christoph Jordak Bilbao Mendi Film festivalaren 10. edizioa

Munduan garaien dagoen itsas argiaren argazkiarekin argituko du Christoph Jordak Bilbao Mendi Film festivalaren 10. edizioa

2017 Maiatza 30

Bilbao, 2017ko maiatzak 29. Christoph Jorda argazkilari alemaniarraren ‘The Lighthouse’ da abenduaren 8tik 17ra egingo den Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioko irudia.

Hala erabaki du 3. CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako epaimahaiak, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatzen duen lehiaketa. Hain zuzen, Donostiako Antzoki Zaharrean larunbatean egin zen CVCEPHOTO sari banaketa ekitaldian bertan irudikatu zuten sari ematea BMFF-eko zuzendari Jabier Baraiazarrak eta Christoph Jordak berak, Zineuskadiren babesarekin.

"The Lighthouse" argazkian munduan garaien dagoen itsas argia da ardatza. Suitzako Alpeetako Overalp Pass mendi lepoan 2.046 metrora dago kokatua, Rin ibaiaren jaiotza eremuan, eta ingurua promozionatzeko eraiki zuten bertan. Europako ibai esanguratsua da Rin, nabigaziorako eta garraiorako erabiliena, eta Suitza, Liechtenstein, Austria, Alemania eta Frantzia gurutzatzen ditu Herbeheretan itsasoratu aurretik.

Hala aurkezten du ‘The Lighthouse’ lana egileak berak:

Suitzako alpeetan Alemaniako Salomon Freeski taldearekin astebeko egonaldia egiteko aukera aparta izan nuen. Zoritxarrez eguraldia oso kaxkarra izan zen, eta elur jausi arriskua handia zen. Arazo hori konpondu beharra neukan, egoerari buelta emateko sormena erabili behar nuen. Eta kontrakotasunek onurak ekartzen dituzte zenbaitetan. Suitzako Oberalp Pass-en dago munduan altuen dagoen itsasargia, itsas mailatik 2.046 metrora. Rin ibaiaren iturburua dagoen tokian eraiki zuten. Haren parekidea den beste itsasargia Herbeheretan dago, Rin ibaia itsasoratzen deneko tokian. Argazki hau lortu ahal izateko, sei lagunek egun oso bat behar izan genuen jauzi egiteko arranpla bat, lur hartzeko gunea eta abiadura hartzekoa eraikitzeko. 3 Profoto B1 flasburu nituen, 2 itsasargi barruan, eta bestea haren atzealdean. Jauzia oso arriskutsua zen, haizeak indartsu jotzen baitzuen eta ikusmena urria baitzen. Eskiatzailea: Sebastian Scheck (22, Alemania).

Hemen duzu argazkien web orria