‘Mumbo Jumbo izugarri handitzen da’ filma ostiralean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film danimarkarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu du aurten, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hamaseigarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.
Sinopsia
Mumbo Jumbo bere amarekin bizi da haran txiki batean, baina egun batean, ustekabean, perretxiko misteriotsu bat jaten du eta, bat-batean, hazi eta erraldoi bihurtzen da. Hain da handia, non ezin baitu jada bere amarekin bizi den etxetxo atseginean sartu. Zorionez, Frede mandrilak arazoari irtenbidea aurkitzen dio, baina irtenbidea Siberian dago, eta Mumbok oinez joan beharko du hara. Gainera, Baba Yaga sorgina ere bilatu beharko du. Mumboren lagunik onenek, Tapirrek, Gepardoak eta Mimbo Jimbok, lagun egingo diote bidaia honetan.
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Dino familia’, ‘Balea kantariaren kondaira’ eta ‘Superthings’, besteak beste.
