Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz ekimenari esker, datorren ostiralean, urriaren 2an, Marko Makako eta Karibeko primateak animaziozko filma euskaraz ikusteko aukera izango da Euskal Herriko zenbait aretotan.
Marko Makako eta Karibeko primateak filma daniarra da, Jan Rahbek-ek zuzenduta. Marko Makakoren istorioa kontatzen du. Protagonista bere ametsetan, krimen handiak argitzen dituen polizia atsegina da. Errealitatean, ordea, uharte tropikal lasai bateko hondartzazain arduratsua baino ez da. Lulu ederra berarekin maitemintzeko itxaropena zapuztu egingo zaio Karlo xarmangarria uhartera iristen denean eta Markoren hondartzan tximu erraldoi itxurako kasinoa eraikitzen duenean. Jeloskor, Karlo ikertzen hasiko da, susmagarri delakoan. Zuzen dabil gainera, Karlok uhartea bereganatu eta bere burua presidente izendatu nahi duela deskubrituko baitu.
Zinema Euskaraz programak diru-laguntzak ematen ditu filmak euskarara itzultzeko. Laguntza horren baitan kokatzen da Marko Makako eta Karibeko primateak, 2015 urtean itzuli den zazpigarren filma. Aurrez, Magiaren Etxea; The good son; Pixkanaka-pixkanaka; 7 ipotxa; Tom Txiki eta Asterix itzuli dira. Laguntza hauen xedea filmak euskaraz ikusteko ohitura sustatzea da, eta bide batez, aisialdian euskararen normalizazioan eragitea.