Malagako Zinemaldia, euskal zinemaren azken ekoizpenen erakusleiho

Malagako Zinemaldia, euskal zinemaren azken ekoizpenen erakusleiho

2021 Ekaina 02

Euskal zinemagintzak bere kalitatea eta indarra erakutsiko du ostegun honetan, ekainak 3, hasiko den Malagako Zinemaldian. Guztira, euskal zinegile eta ekoiztetxeek egindako 12 lan ikusi ahal izango dira ekainaren 13ra arte.

Jaialdiaren antolatzaileek Ana Murugarren zuzendariaren 'García y García' filma aukeratu dute, Blogmedia eta Clarq Mediak ekoitzia, hogeita laugarren edizio honi amaiera emateko. Gaizki-ulertuz beteriko komedia dibertigarri hau abuztuaren 27an iritsiko da zinema-aretoetara, eta estualdian dagoen hegazkin konpainia baten istorioa erakusten du. Azken proiektu honetarako, zinemagile nafarrak luxuzko taldea izan du, Pepe Viyuela, Jose Mota eta Antonio Resines aktoreak, besteak beste.

Datorren ekainaren 11n zinema-aretoetan estreinatu aurretik, Macarena Astorgak zuzendutako 'La casa del caracol' lanarekin gozatzeko aukera izango dute Malagako Zinemaldian. Bowfingerrek eta Basque Films-ek ekoitzitako thriller psikologikoa da, Sandra García Nietoren izen bereko eleberrian oinarritua.

Aitor Merinoren azken lana, 'Fantasía' izenekoa, berriz, Dokumentalen Sail Ofizialean izango da ikusgai. Proiektuaren gidoi prestatze lanetan Aitor bera aritu da, Ainhoa Andrakarekin, Zuri Goikoetxearekin eta Amaia Merinorekin batera. Doxa Produccionesen film honek hainbat urtez bananduta egon ondoren 'Fantasia' izeneko itsasontzi batean itsas bidaia egiteko elkartzea erabakitzen duen familia baten istorioa kontatzen du. Itsaso zabalean badirudi denbora ez dela igarotzen, baina horizontetik haratago errealitateak aurrera egiten jarraitzen du atsedenik gabe.

Laburrean ere

Maria Elorzaren eta Koldo Almandozen azken lana ere ez da faltako Malagan. Indarkeria matxistaren inguruko film labur hau, Txintxua Filmsek ekoitzia, Film Labur Dokumentalen Sail Ofizialean proiektatuko da. Bertara iritsiko da Bartzelonako La Mida No Importa jaialdian Film Labur Onenaren saria lortu ondoren, eta nazioarteko hainbat jaialditan ere aintzatespenak jaso ostean.

Halaber, euskal film laburrek presentzia nabarmena izango dute ostegun honetan hasiko den jaialdian. Sail Ofizialean, Esti Urresola dugu 'Polvo somos' filmarekin. Sirimiri Films ekoiztetxearen lehen film labur honetan, Laudioko zuzendariak asteburu arraro bezain maitagarria bizi duten lau emakumez osatutako familia baten erretratua egiten du.

David Perez Sañudo ere izango da Malagan. 'Ane’ pelikularekin lortutako arrakastaren ostean, zuzendari bilbotarrak jaialdian parte hartuko du 'La colcha y la madre' film laburrarekin. Azken lan honetan Marina Paresen laguntza izan du berriz ere gidoia egiteko. Bestalde, Marina Palaciok Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen 'Ya no duermo' obra eramango du jaialdira. Errealitatearen eta fikzioaren artean jokatzen duen film laburra da, eta banpiroen zinemari omenaldia egiten dio.

Fikziozko film laburren artean Pablo Hernandoren 'El ruido solar' dago, Code 7 Picturesek ekoitzia. Gertaera kosmiko esplikaezin baten ondoren etorkizunaren ikuspegi iheskorra izan zuten pertsonei buruzko istorio-bilduma da.

Animazine sailak Alberto Vazquezen 'Homeless Home' lana hartuko du, Uniko Films-eko Ivan Miñambresek eta Autour de Minuit-ek ekoitzitako lana. Annecyko Nazioarteko Animazio Zinema Jaialdiaren Sail Ofizialean estreinatutako film laburra da, munduko animazio jaialdirik garrantzitsuenean hain zuzen ere, eta bertan Epaimahaiaren Saria lortu zuen. Halaber, epaimahai berak Oscar sarietako izendapenetarako hautagai gisa aukeratu zuen, eta Goya sarietarako izendapena ere jaso zuen, lehen mailako nazioarteko beste 40 selekzioren artean. Alberto Vázquezek haurtzaroan irakurri zituen Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da laburra. Krisi ekonomikoaren ondorioz, jaioterrira itzultzen ari diren hainbat protagonista aurkezten ditu filmak, ogroaren, orkaren eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.

Emakumeen eskubideen defentsan

Horrez gain, hiru euskal lan ere proiektatuko dira Emakumeen Eskubideak Baieztatuz izeneko film laburren sailean. Alde batetik, Iker Esteibarlandaren bigarren film laburra, 'Before I Die', aurkituko dugu. Lan honek nazioarteko sei sari jaso eta 25 jaialdi baino gehiagotan parte hartu du. Kenyako Victoria lakuko neska gazte baten istorioa aurkezten digu. Isiltasunaren harlauza kargatzeaz nekatu ondoren, bere istorioa kontatzea erabakitzen du, askatzeko eta itxaropenerako bidea aurkitzeko.

Bestalde, Ainhoa Urgoitia Santamariak eta Enrique Rey Monzonek 'Barraskiloentzat iganderik ez' lanean emakumeek ere landa-eremuan lan egin dezaketela aldarrikatu dute. Horrez gain, 'La historia de todas nosotras' film laburrak El Salvadorreko hiru emakumeren bizipenak kontatzen ditu, abortu delitu bat egotzita oinarrizko eskubideak urratu zizkietelako. Hirurak espetxeratu zituzten hilketa larri bat leporatuta, ospitalez kanpoko erditzeetan haurrak galdu zituztenean. Itxaso Diazen lan honek hainbat sari jaso eta nazioarteko jaialditan parte hartu du dagoeneko.