Maider Oleaga izango da Noka Mentoring ekimenaren bigarren mahai-inguruko moderatzaile, astelehenean, apirilak 8

Maider Oleaga izango da Noka Mentoring ekimenaren bigarren mahai-inguruko moderatzaile, astelehenean, apirilak 8

2019 Apirila 03

Anahí Berneri, Garbiñe Ortega, Mercedes Álvarez eta laurak izango dira Tabakalerako Z aretoan, 18:30etik aurrera.

Datorren astelehenean, apirilak 8, publikoari irekitako jarduera batez gozatzeko aukera izango dugu, egungo zinemaren ikuspegiari eta begiradari buruz jarduteko. Maider Oleagak gidatuko du Anahí Berneri, Garbiñe Ortega eta Mercedes Álvarez mentore gonbidatuen arteko elkarrizketa-saioa. Zeinek bere esperientzia eta ikuspegia azalduko dituzte, zinemagintzan ikuspegi propioa izatearen garrantziari buruz. Era berean, beste hainbat gai ere jorratuko dituzte, hala nola ikuspegi femeninoaren bestelakotasuna (halakorik baldin bada, behintzat) eta genero-ikuspegia zuzendaritzan. Aurkezpena amaitutakoan, networking-saio bat ere egingo da, ekitaldira agertzen diren gainerako zinemagileekin eta industriako profesionalekin.

Maider Oleaga (Bilbo, 1976) hainbat dokumentalen sortzailea eta zuzendaria da: Verabredung (Berlin, 2017), SEMINCI zinema-jaialdiko Doc España sailaren irabazlea; Esperanza (Bolivia, 2012); edo Amaren Ideia (Mexiko, 2010). Halaber, fikziozko hainbat film labur ere egin ditu: Luce Neón, Joseba Sarrionandiaren literaturatik eraikitako film kolektiboaren zatia; Destierros (2018); edo Sitios prestados al aire (Mexiko, 2010). 2014an, Eusko Jaurlaritzaren zinemarako gidoiak sortzeko laguntza eskuratu zuen, Paso al límite proiektuarekin, zeina IKUSMIRA BERRIAK erresidentzia artistikoaren lehendabiziko ediziorako hautatu baitute. Filma 2018ko Gijoneko Zinema Jaialdian estreinatuko dute. Horrez gain, hainbat hezkuntza-proiektutan ere esku hartzen du, adibidez: Cinema en curs, Sortegiak edo Zineleku. Halaber, Elías Querejeta zinema-eskolako tutore-lanetan ere aritzen da.

Bestalde, laguntza pertsonalizatuko programa honetako hiru zinemagileek –Estibaliz Urresola (20000 especies de abejas), Itziar Leemans (Agurra) eta Tamara Lucarini (El Peso)– euren film luzearen zuzendaritza-lanetan jardungo dute apirilaren 8tik 12rako astean

Hori hala, Estibaliz Urresolak gai jakin batzuetan sakonduko du, hala nola ikuspegi pertsonalean, edo gidoiaren potentzial narratibo handiena eskuratzeko erabaki sortzaileak hartzeko prozesuan, Anahí Berneri (Argentina, 1975) zinemagile entzutetsuarekin batera igaroko duen asteari esker. Berneri gidoilaria, ekoizlea eta zinema eta telebistako zuzendaria da, eta haren filmek genero-auziak lantzen dituzte, ikuspegi errealistaz eta intimistaz. Un año sin amor (2005), Encarnación (2007), Por tu culpa (2010), Aire Libre (2014) eta Alanis (2017) film luzeak zuzendu zituen, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Donostia Zinemaldian, azken lan horri esker. Era berean, Morir de morir telesailaren zuzendari ere bada (Telefe-Viacom). ENERC eta CIC ikastegietako irakaslea da, eta Ikus-entzunezko Narratibako Katedraren titularra da UNAn (Universidad Nacional de las Artes). San Antonio de Los Bañoseko (Kuba) eta Maryland College Arts (AEB) ikastegietan eskolak emana da.

Itziar Leemans eta Mercedes Álvarez (Soria, 1966) elkarrekin arituko dira lanean kontakizunaren tonuari buruz, filma ahalik eta gehien gerturatu dadin egileak kontatzeko moduari buruz duen ideia horretara. El cielo gira (2005), Álvarezen lehendabiziko film luzea eta bere sorterrian –Aldealseñor (Soria)– errodatua, nazioarteko hainbat sariren irabazle izan da: Tiger Award, Rotterdameko Zinema Jaialdian; Parisko Cinema du Reel jaialdiko lehen saria; lehendabiziko Infinity saria Italiako Alba jaialdian; nazioarteko kritikaren, epaimahaiaren eta publikoaren Fipresci sariak; edo film onenaren saria Buenos Airesko Zinema Independentearen Jaialdian. Espainian ere errekonozimendu ugari jaso du; esaterako, film berri onenaren eta muntaketa onenaren sariak, Zinemagintzako Idazleen Zirkuluan; zuzendari hasiberri onenaren eta dokumental-zuzendaritza onenaren sariak, Espainiako Zinemagintzako Zuzendarien Batzarrean (ADIRCE); edo Zinemagintzako Ojo Crítico saria, Radio Nacional de España irrati-kateak emana. 2010ean, paisaiari buruzko lehendabiziko poema-saiakera egin zuen: Cinco elementos para cualquier universo. 2008an, Mercado de futuros film luzeari ekin zion, zeina zinema-jaialdi ugarik hautatu baitute. Lan horrekin, sari ugari eskuratu ditu: Nuevas Miradas saria; Visions du Réel, Nyon (Suitza); aipamen berezia Buenos Airesko Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian (BAFICI); Navaja de Buñuel saria, RTVE etxearen Versión Españolaren eskutik; edo dokumental onenaren saria, Nanteseko Espainiako Zinema Jaialdian. 2013an, Veneziako Bienalean parte hartzeko hautatu zuten, Françés Torresekin batera, Kataluniako Pabilioian, 25% Catalonia at Venice obrarekin.

Tamara Lucarini zinemagile gaztearen dokumentalak Garbiñe Ortegaren laguntza jasoko du (Gasteiz, 1981). Garbiñeren kuradoretza-lana nazioarteko hainbat erakundetan erakutsi dute, hala nola Film Society del Lincoln Center (NY), Tate Modern (Londres), Film Museum (Viena), Pacific Film Archive, National Gallery of Art (Washington) edo Kultura Garaikideko Zentroa (Bartzelona). Ambulante jaialdiaren programazio-zuzendarikide izan da, eta Euskal Herrian garatutako Zineleku trebakuntza-programa sortzen eta hango ikus-entzunezkoen erakusketan esku hartu zuen. Gaur egun, Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa da, eta Elías Querejeta zinema-eskolako kuradoretza-irakasle ere bai.

Gainerako programari dagokionez, ekoizpen-etapan, ekainaren 3tik 7ra bitartean, Itziar García Zubiri (Arena Comunicación), María Zamora (Avalon Producciones) eta Luisa Romeo (Frida Films) izango dira hautatutako mentoreak. Laguntza-prozesuaren azkeneko zatia, filma nazioartean zabaltzeko eta banatzeko estrategiekin lotua, urrian izango da, Silvia Iturberen (aholkularia), Marta Articaren (Golem Distribución) eta Rosa Cameroren (RosssCammm) eskutik. Mentoretzako aste guztietan, jarduera paraleloak izango dira, zinemagintzako industriako profesionalei irekita; saioon helburua zera izango da, topaguneak sustatzea, ikus-entzunezkoen nazioarteko industriaren orainari eta etorkizunari buruzko gako-esperientziak trukatzeko, baita euskal zinemagintzaren industria-sarea sendotzeko ere.