Maider Fernández eta Jorge Moneo euskal zinemagileak,  Berlinale Talents programan

Maider Fernández eta Jorge Moneo euskal zinemagileak, Berlinale Talents programan

2020 Otsaila 19

  • Bi gazteek beren proiektuak ezagutzera emango dituzte. Era berean, nazioarteko zinemagintza munduan izen handiko pertsonekin harremanak sortzeko aukera izango dute
  • Basque Audiovisual plataformak stand bat edukiko du Cinema from Spain eremuan, eta Koldo Zuazuak eta Xabier Berzosak ‘Koprodukzioa Espainiarekin/Espainian’ jardunaldian parte hartuko dute

Euskal zinemagintzako talentua etengabeko hazkundean dago eta gure mugetatik kanpo aintzatespenak jasotzen ari dira sektoreko ordezkariak. Maider Fernández Iriarte eta Jorge Moneo euskal zinemagile gazteak aukeratu berri ditu aurtengo Berlinale Talents egitasmoak, Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak talentua garatzeko abiarazi duen programak. Otsailaren 22tik 27ra bitartean izango da eta, bertan, 250 gaztek beren proiektuak, bai taldeko eta bai bakarkako tutoretzen bitartez, hobetu eta erakusteko aukera izango dute. Era berean, guztiz garatutako lanak nazioarteko ekoizle eta finantzatzaileei aurkeztuko dizkiete. 

Maider Fernández Iriarte da aukeratutako euskal gazteetako bat. Zinemagintza-arloan hainbat ikasketa dituen donostiar honek azaltzen du Berlinera doala “jendea ezagutzera, astebete zinemari buruz pentsatzen ematera eta ahal ditudan pelikula gehien ikustera. Zehazki, Frantziako diru laguntzen sistema ezagutu nahiko nuke etorkizunean, ondoko herrialdea izanik harremana egon daitekeela uste dudalako. Apellaniz&DeSosa-rekin aurten ‘El médico cura’ izeneko film laburra egingo dugu eta Frantzia aliatu interesgarria izan daiteke”.

Bestalde, Jorge Moneok ere Berlinale Talents-en hartuko du parte. Ibilbide profesionala arte bisualetan eta ikus-entzunezko komunikabideetan garatu du azken urteotan, eta bere lanak hainbat kultur erakundetan eta Europako zenbait zinemalditan aurkeztu ditu. Gasteiztar honek aitortzen du “esperientzia hau gaur egun dituen bi proiektuentzat onuragarria ” espero duela. Alde batetik, ‘Orbainak’ laburmetraiaren distribuzioarekin jarraitzen du , bestetik, ‘Almanaka’ proiektu berriaren lehenengo pausoak ematen hasia da.

Euskal presentzia nabarmena

Beste batzuetan bezala, aurten ere Basque Audiovisualek stand bat edukiko du Cinema from Spain-ek Martin Gropius Bau-n izango duen gunean. Euskal plataformak, urtero bezala, bisitarientzat eskuragarri jarriko ditu bai urte osoko ekoizpena laburbiltzen duen katalogoa eta bai euskal ikus-entzunezko ekosistema ikusarazteko plataforma gisa erabiltzen den web orria. Bestalde, koktel bat eskainiko dute jaialdien programatzaileekin, salmenta-agenteekin, nazioarteko banatzaileekin eta beste ekoizle batzuekin networking-a egiteko, otsailaren 23an, igandea, arratsaldeko seietan, Berlingo Gat Poin Charlie Hotelean.

Basque Audiovisualen stand-ean egongo diren euskal zinemagintza enpresak honakoak dira: Amania Films, Arena Comunicación, Atera Films, Banatu Filmak, Berlineko Euskal Etxea, Doxa Producciones, Dynamite Films, Euskadi Movie AIE, Gariza Films, Ikusgarri Films, Irusoin, Izar Films, Kalakalab, Kowalski Films, Lamia Producciones, Pimpi&Nella, Sonora Films, Txintxua Films, Vitoria-Gasteiz Film Office, Zineuskadi, Zinegoak, Zinebi eta Zinetxiki.

Bestalde, euskal eragileen presentzia nabaria izango da ere, Cinema From Spain Presents zigiluarekin, EFMan egingo diren hitzaldi batzuetan. Otsailaren 22an, 11:00etan, Mirror pabiloian ‘Koprodukzioa Espainiarekin/Espainian’ mahai-ingurua gauzatuko da, ICAAk, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak, antolatuta. Topaketan bi adibide ikertuko dituzte adituek;  lehenik eta behin, ‘O que arde’ filmaren koprodukzio eredua aztertuko dute, eta Koldo Zuazuak Kowalski Filmseko euskal koproduktore gisa parte hartuko du. Ondoren, ‘La trinchera infinita’ filmaren Euskal Herri eta Andaluzia arteko koprodukzioa izango da aztergai. Xabier Berzosak, Irusoinen ekoizle exekutiboak, hartuko du hitza.