Loreakfilmak jaso du I. EZAE Saria, euskal zinema-industriari egindako ekarpenagatik. Publikoaren eta kritikarien artean lortutako arrakasta handia aintzat hartu du Euskadiko zine-aretoen elkarteak. Hollywoodeko Oscars-etarako bidean jarri den pelikulak bultzada esanguratsua eman dio, gainera, euskal ikus-entzunezkoen sektoreari, elkarteko arduradunen esanetan.
EZAEko ordezkari Coro Odriozolak 63. Zinemaldian egindako sari-banaketa ekitaldian baieztatu duenez, "historia egiten ari den euskal film bat saritzeko elkartu gara". Diru-etekin gehien lortu duen euskal pelikula dela azpimarratu eta EZAE Saria gehiago merezi duenik ez dagoela adierazi du.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos anfitrioi izan duen ekitaldian hitza hartu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Joxean Muñozek; EZAEko presidente Alfonso Benegasek, eta Loreak filmeko ordezkariek. Golardoarekin oso pozik agertura dira azken horiek.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak EZAEren sorrera txalotu eta nabarmendu du, “aitzindaria delako, Euskadiko zine-areto guztiak batzea lortu duelako, zinema-kultura sustatzeko sortu delako eta Zineuskadiren helburuekin bat datorrelako”.
Zentzu horretan, Zineuskadi Ikus-entzunezkoen plataforma publikoaren eta EZAEren arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, “onuragarria izango delako euskal zinema sustatzeko eta eragin positiboa izango duelako bai ekoizle, bai banatzaile eta baita areto-arduradunentzat ere”.
Amaitzeko, etorkizunean elkarlana sendotzeko borondatea dagoela aurreratu du, eta adibide gisa, 'Pan: sekula betirako bidaia' pelikularen estreinaldia aipatu du; “EZAEko aretoetan euskaraz ikusteko aukera izango da”.
Elkarlan publiko-pribatua
Coro Odriozolak gogorarazi du EZAE elkarteak "euskal zinema-kultura sustatzea, komunikatzea eta hedatzea" duela helburu. Halaber, entitateko bazkideek, Euskadiko zinema-areto pribatuek, ibilbide profesional luzea eta "euskal kultur arloan protagonismo handia" dutela jakinarazi du. Areto horiek "ikus-entzunezkoen sorkuntza sostengatzeko" lagungarriak direla ere aipatu du.
Hori dela eta, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren alde apustu egin du, "zinemara eta beste edozein kultur adierazpenera gerturatzeko espazioak sortu eta gizarte kohesioa, integrazioa eta tolerantzia sustatze aldera".
Aurten partaidetza bikoitza izango du EZAEk Zinemaldian; izan ere, Gazteriaren Saria babestuko du. Horren bitartez, gazteengana iritsi nahi du, zine-aretoak ikus-entzunezkoez gozatzeko espazio aproposa direla erakusteko. Zinemaldiaren ondoren, harrera onena izan duten filmak elkarteko aretoetan proiektatuko dira, prezio murriztuko emanaldi berezietan, gazteak erakarri asmoz. Proiekzio horien ostean, solasaldiak egingo dira filmak transmititzen dituen balioetan sakondu ahal izateko.