Álex Rodrigo, 'La Casa de Papel' telesail arrakastatsuaren zuzendaria, izango da telesail proiektuetara bideratutako gidoi analisi tailerraren buru

Álex Rodrigo, 'La Casa de Papel' telesail arrakastatsuaren zuzendaria, izango da telesail proiektuetara bideratutako gidoi analisi tailerraren buru

2021 Maiatza 27

Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik eta Zineuskadik fikziozko telesailak lantzeko proiektuen gidoiak aztertzeko tailerra antolatu dute ‘La Casa de Papel’ telesail ezagunaren Álex Rodrigo zuzendariarekin elkarlanean. Ekainaren bukaeran egingo da prestakuntza, eta proiektuak aurkezteko azken eguna 2021eko ekainaren 11 da.
 
Telesailen proiektuetarako gidoia aztertzeko tailerra ekainaren 24 eta 25ean egingo da Tabakaleran kokatutako Zineuskadi eta Europa Creativa Euskadiren bulegoetan. Álex Rodrigo zuzendari ezagunak zuzenduko du topaketa eta parte hartzen duten proiektuen gidoiak aztertuko ditu.
 
Rodrigoren karrerak inflexio-puntu bat izan zuen 24 urterekin, bere ‘Libres’ (2012) proiektua urteko webserie dramatiko sarituena bihurtu zenean (Los Ángeles, Roma, Vancouver, París, Melbourne, Madrid, etc.). ‘El Partido’ (2015) webserieak ospe handia eman zion fikzio berrian (NotodoFimFest-en edo Liberation egunkariaren Marble Awards sarietan saritua). Hori dela eta, Atresmediak bigarren denboraldia ekoizten du. 
 
27 urterekin, telebistako fikziora egin zuen jauzi, eta ‘Vis a Vis’ telesail arrakastatsuaren hiru kapitulu zuzendu zituen (Globomedia, Antena 3). Hortik aurrera, telesail arrakastatsuen zuzendari bihurtu zen, hala nola ‘La Casa de Papel’ (nazioarteko Emmy bat irabazi du eta ingelesez ez den telesailik ikusiena da), ‘El Embarcadero’ (serie dramatiko onenaren MIM saria) edo ‘Veneno’.
 
Zuzendari-lana eta gidoilari-lana bateratu ditu ‘El Último Show’ edo ‘La Regadora’ bezalako ekoizpenetan.
 
Tailerra gidoilari eta gidoilari/zuzendari/ekoizle taldeei zuzenduta dago, baldin eta egoitza Euskadin badute eta telesail proiektu bat garatzen ari badira.
 
Helburua gidoia garatu eta hura idazteko prozesuan orientatzea da, telesail proiektu on bat garatzeko eta MEDIA programaren deialdirako proiektuak prestatzeko.
 
Hautatutako proiektuek bi orduko aholkularitza pertsonalizatua izango dute (feedbacka, ideiak, iradokizunak, aholku praktikoak, azterketa…) tailer honetako antolatzaileek ezarritako egun batean (ekainaren 24ean edo 25ean). Hautapena egin ondoren, parte-hartzaile bakoitzari jakinaraziko zaio ordutegia.
 
Aurkeztu beharreko dokumentazioa –PDF edo Word-eko fitxategi elektronikoak bakarrik jasoko dira–:

  • Logline-a
  • Sinopsia (orrialde erdia)
  • Bigarren denboraldiko sinopsia (orrialde erdia)
  • Fitxa teknikoa (erabili beharreko teknika, generoa, iraupena eta publikoa)
  • Arte/biblia grafikoaren kontzeptua.
  • Soinu-tratamendua.
  • Pertsonaien deskribapena (pertsonaien garapena, aurkitzen dituzten gatazkak eta barne-bilakaera).
  • Tratamendua (15-20 orrialde)
  • Gidoiaren azken bertsioaren lagina, elkarrizketa-adibideekin.
  • Zuzendariaren edo/eta ekoizlearen oharra.
  • Eskubideen jabetzaren frogagiria.
  • Aurrekontua.
  • Banaketa- eta marketin-plana.


Entrega-data: Eskatutako dokumentazioa 2021eko ekainaren 11 baino lehen Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren helbidera bidali behar da: info@europacreativaeuskadi.eu