Laban, ostiraletik aurrera euskaraz

Laban, ostiraletik aurrera euskaraz

2016 Urria 03

Bi urtetik gorako umeentzat gomendagarria den filma XXXX aretoetan ikusteko aukera izango da

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, datorren ostiralean, urriak 7, Laban filma zinema aretoetara iritsiko da euskaraz. Filma bi eta sei urte arteko haurrei zuzenduta dago eta zazpi minutu inguruko beste horrenbeste pasartek osatzen du.

Estreinaldia, ostiralekoa, honako aretoetan egingo da: Antiguo Berri (Donostia), Florida (Gasteiz) eta Itaroa Zinemak (Huarte). Datozen egunetan zehazten joango gara zein aretotan emango duten filma.

Alicja Björk Jaworskik, Karin Nilssonek, Lasse Perssonek eta Por Ahlinek zuzendutako filmak Laban mamu txikiaren istorioa du abiapuntu. Laban bere familiarekin bizi da Moringsun gazteluan. Bere aitaren antzera, ingurukoak beldurtu nahi ditu, baina saiatu izanagatik ere ez du lortzen. Labolina, bere ahizpa, oso trebea da soinuak egiten, edozein soinu imitatzeko gaitasuna du. Gazteluan erregearen familia bizi da, eta erregearen semea, Michief printzea, Rufus haren txakurrarekin batera, Labanen lagun onenak dira. Protagonista den mamu txikiari, Labani, iluntasunak beldur handia ematen dio.

Pack Mágik Laban filma Pack Mágic-ek banatzen du, 2014an sortutako eta haurrentzako zinema banatzen duen etxeak. Banatzaile honek sentsibilitate estetikoaren, hezkuntza emozionalaren, balio sozialen eta kulturalen transmisioaren alde egiten duten filmak eta ikus-entzunezko bestelako produktuak helarazten ditu.

Pack Mágick-ek zorroztasun handiarekin hautatzen ditu filmak. Modu horretan, 2-12 urte bitarteko umeen ezaugarrietara, gaitasunetara eta sentsibilitatera egokitzen den katalogoa osatu du. Halaber, promozio materialak sortzen ditu, txikitatik zinearekiko jakin mina eta grina pizteko asmotan.

2016ko hamabigarrena Zinema Euskaraz programak aurten diruz laguntzen duen hamabigarren filma da Laban. Aurreko hamaikak, Zikoinak, Printze Txikia, Phantom Boy, Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker, Tximinoen Erresuma, Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla, K2. Zerua ukitzen, Mustang eta Albert izan ziren.