Koko dragoi txikia, oihanean bihar iritsiko da EAEko eta Nafarroako aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

Koko dragoi txikia, oihanean bihar iritsiko da EAEko eta Nafarroako aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

2020 Iraila 10

‘Koko dragoi txikia, oihanean’ (Alemania) bihar iritsiko da gure lurraldeko zinema-aretoetara, Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren bidez.

Zinema Euskaraz programak bultzatutako ‘Koko dragoi txikia, oihanean’ filma estreinatuko dute bihar EAEko eta Nafarroako zortzi zinema-aretok. Anthony Power zuzendariaren animaziozko filma La Galera argitaletxearen telesail ezagunean eta haurrentzako ipuinetan oinarritua dago.

Estreinaldi berri honekin, itxialdiaren ondoren egin den bigarrena, Zineuskadik jarraipena eman dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari. Izan ere, kontuan izan behar dugu sektore honi COVID-19aren pandemiak sortutako geldialdiak gogor eragin diola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Testuinguru horretan, berriro jarri da martxan Zinema Euskaraz programa, zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Koko eta haren lagunak, Oskar eta Matilde, Alemanian egin eta 2015eko Gabonetan estreinatu zen film bateko protagonistak izan ziren. Oraingoan, su-dragoiak eta gourmet dragoiak elkarrekin joan dira oporretara, bi tribuen arteko adiskidetasuna sustatzeko. Baina Koko, suzko herensuge txiki bat, eta haren laguna, Oskar, gourmet herensuge bat, desengainatuta daude. Beren adiskiderik onena, Matilde arantzurdea, bidaiatik kanpo utzi baitute dragoia ez delako. Erabaki horri aurre egiteko, udako kanpamendura eramango dituen ontzian ezkutatzea erabaki dute, eta beren bizitzako opor onenak izango dituzte.

Hurrengo zinema-aretoetan estreinatuko da filma: Golem Alhóndiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Getxo Zinemak, Gran Cinema Zugaza (Durango), Multicines 7 (Bilbo), Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria) eta Príncipe (Donostia).