Kalitatea eta aniztasuna dira aurtengo euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren ezaugarriak

Kalitatea eta aniztasuna dira aurtengo euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren ezaugarriak

2017 Abendua 13

IBAIA (Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) atzera begira jarri da urtea amaitu baino egun batzuk lehenago, zinemari dagokionez oso emankorra izan den urteari buruzko ondorioak ateratzeko. Tokiko ezaugarriak biltzen dituzten film labur eta luzeen kopurua eta kalitatea ikusita, esan daiteke hemen zinemaren industria errealitatea dela.

2017an, ikus-entzunezkoen euskal sektoreak garatzen eta egokitzen jarraitzeko gaitasuna erakutsi du, oro har zaila, ziurgabetasunez betea eta araudi mailako aldaketen mende dagoen testuinguru honetan, bereziki zinema-ekoizpenari dagokionez, eta horiek erabili behar ditugu gure enpresen posizioa indartzeko.

Ikus-entzunezko eremuan euskal produkzioen presentziari eta normalizazioari dagokienez, azken urteetako joeraren azterketa positiboa da eta, euskarazko lanen kasuan, joera hori finkatzea lortu dugu, haien sorkuntza, ekoizpena eta banaketa sustatuta.

Zinemaldiaren azken edizioan, balantzea oso positiboa izan da IBAIAko bazkide diren enpresei dagokienez: film luzeko bi proiektu izan dira sail ofizialean (Handia eta Morir), “Operación Concha” filmarekin belodromoa bete egin da, “Nur eta herensugearen tenplua” filmak txikienak txunditu ditu, “Elkarrekin Together” filmak zabaldu du Zinemira saila, eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik antolatutako tailerretan parte hartu duten proiektuetako bik (Txintxua Films-en Dantza filmak Glocal In Progress saria jaso du eta Lamia Produccionesen Akelarre filmak ARTE International Prize jaso du) saria eskuratu dute Zinemaldian. Horrez gain, Sr&Sra-k ekoitzitako “Las letras de Jordi” filmak Ikusmira Berriak saileko saria jaso du; sari horrek proiektuaren hasierarako lehen laguntza ekonomikoa biltzen du eta gero, REC Grabaketa Estudioaren eskutik, produkzio osteko lanerako prestazioak.  

Gainera, urte oso bateko lanaren eta ahaleginaren erakusgarri dira 2018ko Goya sarietarako hautagaitzak aurkeztu dituzten ekoizpen-lan eta profesional batzuk. Izan ere, izendapen horietako batzuk baieztatuko direla sinesteaz gain, helburu hori ezarri dute.

Telebistako ekoizpenari dagokionez, egoera aldakorra dugu aurrean; izan ere, konbergentzia digital azeleratua dago eta hori ETBren aurrekontu mailako murrizketek baldintzatzen dute. Horrek ekoizpen egonkorra, jarraitua eta kalitatekoa finkatzea zailtzen du, baina edonola ere, zailtasunak zailtasun, eta egungo ikus-entzunezko merkatuak dituen erronka teknologikoak ikusita, gure enpresek gero eta lehiakorragoak eta plataforma ugariagokoak diren formatuak pentsatzen eta garatzen jarraitzen dute, ez telebista publikorako bakarrik, baita operadore pribatu handientzat eta plataforma berrietarako ere.

Ikus-entzunezko euskal sektorea joera berrietara egokitzeko nahikoa gaitasun baduela erakusten ari da eta, datorren urtera begira, dagoeneko badaude hasieratik itxaropen handiak pizten dituzten zenbait proiektu martxan.  Denen artean zinemako eta telebistako euskal ekoizpen egonkorra finkatzen lagunduko dute, proiektu bideragarriak eta kalitate kultural eta artistikoa dutenak oinarri hartuta.