Izendapen ugari jaso ditu euskal zinemak Goya Sarietarako hautagaien zerrendan

Izendapen ugari jaso ditu euskal zinemak Goya Sarietarako hautagaien zerrendan

2019 Abendua 02

Izendapen mordoa egokitu zaizkio euskal zinemagintzari, gaur ezagutarazi duten Goya Sarietarako zerrendan. ‘La trinchera infinita’ (15), ‘Ventajas de viajar en tren’ (4) eta ‘El hoyo’ (3) filmek sarituak izateko hautagaitza asko dituzte, eta ‘Aute Retrato’ edo ‘Elcano eta Magallanes, lehen mundu bira’ pelikulek ere eskuratu dute izendapena. Euskal zinema-industriaren hazkundearen eta sektoreko profesionalen talentu handiaren isla da Goya Sarien atarian lortutako arrakasta.

Azken hilabeteotan aurkeztutako hainbat euskal ekoizpenek zinemetan erdietsitako arrakasta Goya Sarietara ere heldu da. Izan ere, ‘La trinchera infinita’ (Moriarti Produkzioak, Irusoin) filmak 15 izendapen lortu ditu, Pelikula Onena, Zuzendari Onena eta Gidoi Onena barne; ‘Ventajas de viajar en tren’ filma, berriz, lau hautagaitzatan aukeratu dute, eta ‘El hoyo’, hirutan. Gainera, Euskadin ekoiztutako beste bost pelikulak eta euskal profesional ugarik lortu dute izendatuen zerrendan sartzea, kategoria ugaritan. Zaila badirudi ere, izendapenen lista ikusita, iaz euskal zinemak ‘Handia’ filmari esker (13 izendapen eta 10 sari) lorturiko arrakasta errepikatzeko aukera dagoela antzeman daiteke. 

     

Zehazki, ‘La trinchera infinita’ zintak 15 izendapen ditu, ‘Mientras dure la guerra’ pelikularen (17) eta ‘Dolor y gloria’ filmaren (16) atzetik. Film Onenaren saria eskuratzeko lehiatuko dira hiruak, baita ‘O que arde’ lana ere, zeinetan euskal ekoiztetxe batek hartu duen parte.

‘La trinchera infinita’ filman egindako lan handiaren aitorpen gisa, Zuzendaritza Onenaren saria lortzeko hautagai dira Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Pedro Almodóvarrekin (‘Dolor y gloria’) eta Alejandro Amenabarrekin (‘Mientras dure la guerra’) batera. Moriartiren filma Gidoi Onenaren sarirako hautagai ere izango da, eta Gidoi Egokitu Onenaren kategorian sartu da ‘El hoyo’.

Aktoreei dagokienez, ‘Mientras dure la guerra’ filmeko protagonista den Karra Elejaldek lortu du Aktore Onenaren sarirako izendapena, baita ‘La trinchera infinita’ pelikulako Antonio de La Torrek eta Belén Cuestak ere. Eta Aktore Berriaren kategorian sailkatu da Vicente Vergara.

‘Elcano eta Magallanes, lehen mundu bira’ (Dibulitoon Studio) zintak, berriz, Animaziozko Pelikula Onenaren sarirako izendapena eskuratu du, eta Aute Retato’ (Urresti Producciones), aldiz, Dokumental Onenaren kategorian hautatu dute. Film Labur Onenaren Saria bereganatzeko aukerak izango ditu, gainera, ‘El infierno’ (Kanaki Films) lanak.

Bestalde, Pascal Gaigne musikariak laugarren izendapena lortu du aurten ‘La trinchera infinita’ filmerako egin duen soinu-bandari esker, eta ikusteke dago iaz ‘Handia’ pelikularekin lortutako arrakasta errepikatuko ote duen. Efektu berezien atalean ere berri onak ekarri dituzte El hoyo’ eta ‘La trinchera infinita’ lanek.

Horiez gain, honakoak ere hautatuak izan dira: Ander Sistiaga (Ekoizpen Zuzendaritza Onena, ‘La trinchera infinita’), Javier Agirrek (Argazki Zuzendaritza, ‘La trinchera infinita’), Mauro Herce (Argazki Zuzendaritza, ‘O que arde’), Pepe Domínguez (Arte Zuzendaritza, ‘La trinchera infinita’), Mikel Serrano (Arte Zuzendaritza, ‘Ventajas de viajar en tren’), Lourdes Fuentes eta Saioa Lara (Jantzien Diseinua, ‘La trinchera infinita’), Laurent Dufreche eta Raúl López (Muntaia, ‘La trinchera infinita’); Yolanda Piña, Félix Terrero eta Nacho Díaz (Makillajea eta Ile-apainketa, ‘La trinchera infinita’); Karmele Soler eta Olga Cruz (Makillajea eta Ile-apainketa, ‘Ventajas de viajar en tren’), eta Iñaki Díez, Alazne Ameztoy, Xanti Salvador eta Nacho Royo-Villanova (Soinua, ‘La trinchera infinita’)

Abenduaren 16an Akademiaren egoitzan ospatuko den festaren ostean burutuko da sari-banaketa handia, urtarrilaren 25ean Malagako José María Martín Carpena Kirol Jauregian. Orduan jakingo da euskal ekoizpen eta profesionalei egokitutako sari kopurua.