Hemeretzi film aurkeztuko dira Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi sailean

Hemeretzi film aurkeztuko dira Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi sailean

2014 Abuztua 26

Danis Tanovicen "Tigers" filmak osatuko du lehia ofiziala Perlak sailean, "The Disappearance of Eleanor Rigby" filma gehituko da

62. Donostia Zinemaldiak urteko panorama zinematografikoko proposamen interesgarrienetakoak jasoko ditu Zabaltegi sailean. Askotariko sorta izango da: fikziozko film luzez, dokumentalez, film laburrez eta telesail batez osatua.

Sailaren barruan, nazioartean itzal handia daukaten zinemagile batzuen lan berrienak Espainian lehen aldiz emango dira (adibidez, Ulrich Seidl, Bruno Dumont eta Kazuyoshi Kumakirirenak), baita talentu berrienen lanak ere (adibidez, Andrew Huculiak, Kaouther Ben Hania eta George Ovashvilirenak). Gainera, Espainian ekoitzitako lau film luze eta hiru labur munduan lehen aldiz emango dira.

Animazio-zinema presente egongo da, Signe Baumanen Rock In My Pockets filmaren bidez, eta telebistako fikzioak ere tokia izango du, P'tit Quinquin / Lil´Quinquin telesail osoa emango baita -Bruno Dumont zinemagile frantziarrak esparru horretan sarraldi harrigarria egin du-.

Halaber, dokumental ugari izango dira Zabaltegin. Aipagarrienen artean, Gianni Amelioren Felice chi è diverso / Happy to be different, Gabe Polskyren Red Army eta Pierre-François Limboschen Le paradoxe de John Malkovich / The John Malkovich Paradox daude. Horrez gain, bi musikari ospetsu gogoratuko dira ez-fikziozko beste bi lanetan: Fela Kuti musikari nigeriarra, Alex Gibney dokumentalgile saridunaren Finding Fela lanean, eta Paco de Lucía gitarra-jotzailea, Francisco Sánchez Varelak zuzendutako Paco de Lucía: La búsqueda lanean. Beste dokumental batzuetan, zinemaren inguruko gaiak jorratzen dira: Bette Davisek Donostia Zinemaldira egin zuen bisita, Pedro González Bermúdezen El último adiós de Bette Davis lanean, Basilio Martín Patino zinemagilearen obra, Virginia García del Pinoren Basilio Martín Patino. La décima carta lanean, eta Ghibli animaziozko zinema-estudio ospetsuaren sekretuak, Mami Sunadaren Yume to kyôki no ohkoku / Kingdom of Dreams and Madness lanean.

Beste alde batetik, 62. edizioko programazioan beste bi pelikula gehituko dira: Danis Tanovic zinemagilearen pelikula berriena, Tigers, Sail Ofizialean lehiatuko da; Perlak sailean, aldiz, Ned Benson zuzendari eta Jessica Chastain eta James McAvoy protagonista dituen The Disappearance of Eleanor Rigby filma aurkeztuko da.

 

Informazio gehiago hemen