Film luzeen proiektuen azken fasean dauden zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko Noka Ekoizpena programaren lehen modulua apirilaren 12an garatu zen Bilboko Artxibo Historikoan. Zineuskadik sustatu eta koordinatutako ekimena da, Tabakaleraren laguntzarekin.
Egun horretan, hautatutako zuzendari eta ekoizleek beren proiektuen aurkezpena egiteko aukera izan zuten. Hala, Nerea Castrok (zuzendaria) eta Gádor Camachok (ekoizlea) ‘Canción Animal’ azaldu zuten, eta Joana Moyak (zuzendaria) eta Paloma Hernández Gonzálezek (ekoizlea) gauza bera egin zuten ‘La Koreana’ lanarekin. Lehen saioan, proiektuen tutoretzaz arduratzen diren zinemagileek parte hartu zuten, bai aurrez aurre bai online: Estibaliz Urresola Solaguren, Rocío Mesa, Alba Sotorra eta Marisa F. Armenteros.
Lehen hartu-emanaren ondoren, Noka Ekoizpena osatzen duten bost moduluetatik bigarrena maiatzaren 24an egingo da, Gasteizen. Topaketa honetan Alauda Ruiz de Azuak pertsonaien inguruko modulu espezifiko bat emango du, Sara de la Fuentek produkzio zatia mentorizatzen jarraituko du eta jasangarritasunari buruzko saio bat emango du Bilibin enpresako Eneko Muruzabalek. Hurrengo moduluetan Sara de la Fuente Monederok hartuko du Marisa F. Armenterosen lekukoa mentore lanetan.
Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.
Ekimen honekin, Zineuskadik jarraipena eman nahi dio Noka Mentoring programari, gaur egun Tabakalerak bultzatzen duen eta emakume zinemagileei film bat egiteko prozesuaren hasieran laguntzea helburu duen programari.