Harpetarra gaur estreinatuko dute Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

Harpetarra gaur estreinatuko dute Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

2018 Otsaila 02

Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskaraz programari esker, gaur, otsailak 2, HARPETARRA (Erresuma Batua) filma euskarazko bertsioan iritsiko da Euskadiko eta Nafarroako zinemetara. Nick Park, lau Oscar sariren irabazlea (“Wallace & Gromit” filmagatik animazio onenaren saria), zinemetara itzuliko da azken filmaren estreinaldiarekin: “Harpetarra”. Filmean, harpetar talde batek futbolean jokatuko du bere lurra berreskuratzeko.

"Harpetarra" filmak Harri Aroko gizon baten, Dug-en, istorioa kontatzen du. Dugek Brontze Aroko zibilizazioaren aurka borroka egingo du bere etxea babesteko. Parkek berak kontatu duenez, “Dug mutil ausarta eta oso inozoa da, uste du dena alda dezakeela. Maskota gisa duen txerri basatiarekin, Hognob-ekin, batera bizi da eta huraxe izango da bere lagun leiala istorio osoan. Biak komunitate primitibo batean bizi dira, eta zorigaiztoko egun batean, zibilizazio ezezagun baten erasoa jasoko dute; bailara hartuko dute lurraldean dagoen brontze baliotsua eskuratu nahian. Dugek ikusiko du Brontze Aroko zibilizazioak joko sakratu bat duela: futbola, eta bailara berreskuratzeko Lord Nooth zitalarekin apustu egitea erabakiko du. Harpetarrek ez dakite zer den futbola, beraz, Val-engana joko dute. Val Brontze Aroko neska gazte bat da, eta haiekin sekretuan jokatu eta jokoa irakatsiko die, emakumeek ezin baitute “kirol sakratuan” jokatu.

Zinema Euskaraz programak euskararen erabilera sustatzen du kultura-komunikaziorako bitarteko gisa. Horretarako, aisialdian euskararen normalizazioa sustatzen duten filmen eskaintza jartzen du herritarren eskura.

Ostiral honetan, Harpetarra (publiko guztientzat) estreinatuko da Euskadiko eta Nafarroako areto hauetan: Cines Niessen (Errenteria), Zugaza (Durango), Getxo Zinema (Getxo), Multicines (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Golem Alhóndiga (Bilbo), Príncipe (Donostia), Coliseo (Eibar), Florida Guridi (Gasteiz).