‘Gungo eta harpetar jokoak’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan

‘Gungo eta harpetar jokoak’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan

2026 Urria 29

‘Gungo eta harpetar jokoak’ filma ostiralean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film mexikarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.

Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu du aurten, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hogeigarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.

Sinopsia

Gungo tribuko kide ahulena da, baina buruzagiaren semea denez, etorkizuna ziurtatuta duela uste du. Hala ere, boterea eskuratu nahi duten matxinoek traizionatu eta lur babesgabe batera erbesteratzen dute. Bizirauteko eta konplota agerian uzteko, bere barne-indarra aurkitu, moldatu gabeko talde bat gidatu eta Kobazuloetako Joko basatietan lehiatu beharko du.

Hauek dira asteburuan filma proiektatuko duten zinema-aretoak: SADE Cines (Donostia), Cine Zugaza (Durango), Niessen Zinemak (Errenteria), Getxo Zinemak (Getxo), Cines Florida (Gasteiz) eta Cines Gorbeia (Gasteiz).

Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Katu kapeladuna’ edo ‘Charlie el superperro’, besteak beste.