Goya sarietarako izendapen ugari jaso dituzte euskal film laburrek

Goya sarietarako izendapen ugari jaso dituzte euskal film laburrek

2020 Azaroa 17

Bost euskal film labur aukeratu ditu Zinema Akademiak animazio, dokumental eta fikzio sailetan lehiatzeko

Euskal zinemak aintzatespen garrantzitsuak jasotzen jarraitzen dumundu osoan. Atzo, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Animazioko Film Labur Onena, Dokumental Labur Onena eta Fikziozko Film Labur Onena kategorietan lehiatzeko hautatutako 35 film laburren zerrenda eman zuen ezagutzera, eta bost euskal ekoizpen daude aukeratutako lanen artean.

Animazio kategorian ‘Homeless Home’ dago, Alberto Vázquezek zuzendua eta Uniko Films zein Autour de Minuit ekoiztetxeek produzitua. Lan hori Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten, munduko animazio-jaialdirik garrantzitsuenean, eta, gainera, Epaimahaiaren Saria lortu zuen.Hain zuzen, sari hori lortu duen estatuko lehen film laburra izan da. Halaber, lehen mailako nazioarteko 40 izendapen baino gehiagorekin iritsiko da filma hitzordura. Alberto Vázquezek haurtzaroan irakurri zituen Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da laburra, eta krisi ekonomikoaren ondorioz pertsona asko jaioterrira itzultzen ari direla erakusten du, ogroaren, orkaren eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.

‘Solo son peces’ eta ‘Before I Die’ dira dokumental kategorian hautatutako euskal film laburrak. Lehena Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen lana da. Teslem, Dehba eta Jadija izeneko hiru emakume aljeriarren istorioa azaltzen du: hiruek arrain-haztegi batean lan egiten dute, Saharako errefuxiatuentzako kanpamentuetan. Bestalde, ‘Before I Die’ laburrak, Iker Esteibarlanda zuzendariaren bigarren lanak, Lago Victoria uharte txikiko neska kenyar baten istorioa kontatzen du. Bertan arrantzaleek edozertarako eskubidea dute, emakumeak eta neskak isiltasunaren lauza astuna hartzera behartuta dauden bitartean. Visual Comunicación ekoiztetzeak produzitutako lan honetako protagonistak bere istorioa kontatzea erabakitzen du, zamak gainetik kentzeko eta itxaropenerako bidea aurkitzeko.

Halaber, bi euskal produkziok Goya saria jasotzeko aukera dute fikziozko film labur onenaren kategorian. Horien artean ‘Mateoren ama’ dago, Moriarti lantaldearen ekoizpena, ‘La Trinchera Infinita’ filmarekin Oscar sarietarako bidean dauden Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutakoa. Angel Mariren istorioa kontatzen du lanak: denboraldi luze batean ama ikusi gabe egon ondoren, zaharren egoitzara bisitan joatea erabakitzen du. Semeak ezin du jasan ama adineko emakume senil baten larrupean desagertu dela eta senidekoak ezagutzen ez dituela ikustea. Amania Filmsen ‘Un coche cualquiera’ film laburra ere hautatu dute. Zuzendaria David Pérez Sañudo da, eta aurten bolada bikainean dago, bere lehen filmak (‘Ane’) izan duen arrakasta handiagatik. Manuelen istorioa kontatzen digu film laburrak: protagonistak ezin du bere autoan sartu kalean topatzen dituen hiru  tipok galarazi egiten diotelako.