Goya sarien gala, euskal zinemaren bultzadaren isla

Goya sarien gala, euskal zinemaren bultzadaren isla

2022 Otsaila 11

Euskal zinemak 2021eko Goya Sarietan arrakasta handia izan zuen, eta zortzi sari jaso zituen. Aurten, gure industriaren bultzada eta kalitatea aintzat hartu dituzte berriro, guztira 20 izendapenekin. Nabarmentzekoa da 28 kategoria daudela eta horietatik 18tan gutxienez euskal hautagaitza bat dagoela, eta bitan, bina hautagai daudela.

Aipagarriak dira, bereziki, 'Maixabel' lanak jasotako 14 izendapenak. Iciar Bollaínek zuzendutako eta Kowalski Filmsek ekoitzitako pelikula gaueko ekoizpenik sarituena izateko lehian izango da, ‘El buen patrón’ film luzearekin batera. Biek bi sari garrantzitsuenak eskuratzeko aukerak dituzte, Film Onenaren eta Zuzendaritza Onenaren sariak, besteak beste. Zuzendari madrildarrak Maixabel Lasaren, ETAk hildako Juan Maria Jáureguiren alargunaren, istorioa aurkezten digu publiko eta kritikarientzat oso arrakastatsua izan den azken lan honetan. Lasa izan zen bere senarraren hiltzaileekin kartzelan elkarrizketatu zen lehen biktimetako bat.

Era berean, akademikoentzat ez da oharkabean pasatu filmeko aktore-lan aparta. Bereziki azpimarragarriak dira Maria Cerezuela barakaldarrarentzat Emakumezko Aktore Berri Onenaren izendapena eta Urko Olazabal bilbotarrarentzat Banaketako Gizonezko Aktore Onenaren izendapena. Olazabalek Fernando Albizu aktore gasteiztarra izango du lehiakide, ‘El buen patrón’ filmean egindako lanagatik. Blanca Portilloren lana ere azpimarratu dute Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren atalean, eta Luis Tosarrena Gizonezko Aktore Protagonista Onenaren atalean.

 

Maila tekniko bikaina

Akademiak bereziki aintzat hartu du gure sektoreko teknikarien balioa, izan ere, adibide bat aipatzearren, ‘Maixabel’ filmak dituen 14 izendapenetatik zortzi alderdi teknikoei dagozkie. Horien artean, honako hauek ditugu: Produkzio Zuzendaritza Onenaren izendapena (Guadalupe Balaguer Trelles), Makillaje eta Ile-apainketa Onenaren izendapena (Karmele Soler eta Sergio Pérez Berbel), Jantzien Diseinu Onenaren izendapena (Clara Bilbao), Muntaia Onenaren izendapena (Nacho Ruiz Capillas), Soinu Onenaren izendapena (Alazne Ameztoy, Juan Ferro eta Candela Palencia), Jatorrizko Gidoi Onenaren izendapena (Iciar Bollaín eta Isa Campo) eta Jatorrizko Musika Onenarena Alberto Iglesiasentzat. Kontuan izan behar da musikari donostiarrak nazioarteko zinemagintzaren aintzatespen garrantzitsuenetako bi lor ditzakeela aurten; izan ere, Estatu Batuetako Akademiak Pedro Almodóvarren ‘Madres Paralelas’ filmean egindako lana ere aitortu du, Soinu Banda Onenaren Oscar sarirako izendapenarekin.

Mikel Serranok iaz ‘Akelarre’ filmagatik jaso zuen aintzatespena eta, aurten, besteak beste, Antxon Gomezekin (‘Madres paralelas’) lehiatuko da Zuzendaritza Artistiko Onenaren saria lortzeko. Beste izendapen aipagarri bat Jorge Guerricaechevarríarena da. Daniel Monzónekin batera, Gidoi Egokitu Onenaren Goya sarirako hautagaia da ‘Las leyes de la frontera’ filmean elkarrekin egin duten lanagatik. Javier Cerca idazle espainiarraren eleberrian oinarrituta, Ignacio heldu bihurtu zen udako istorioa kontatzen du. Nachok bi munduren arteko muga etengabe urratzen du, ongiaren eta gaizkiaren artean, justiziaren eta injustiziaren artean dagoen lerroa zeharkatuz.

Era berean, Animazioko Film Onenaren kategorian ere sarituen irakurketari adi egongo gara, euskal zinemaren itxaropenak ‘Zutik! (Salvar el árbol)’ filmean jarrita baitaude. Haizea Pastor eta Iker Álvarez zuzendarien eta Baleuko ekoiztetxearen lan hau bederatzi urtetik beherako haurrei zuzenduta dago, eta eskuzabaltasuna, adiskidetasuna eta naturaren defentsa sustatu nahi ditu.

Kinieletan bi euskal film labur ere oso ondo kokatuta daude saria lortzeko. Alde batetik, ‘Nacer’ Animaziozko Film Labur Onenaren sarirako hautagaia da. Roberto Vallek zuzendu eta Uniko Filmsek eta Auntie Filmsek ekoitzitako lan honek Carlos mutikoaren istorioa aurkezten digu. Lau urteko haurra da Carlos, eta anaiatxo bat izateko erronka emozionalari egin behar dio aurre. Bestetik, Pablo de la Chica zuzendari duen ‘Mama’ lanak Media Attack-en parte-hartzea du, eta Dokumental Labur Onenaren saria eskuratzeko aukera dauka. Lana Kahuzi-Biega Parke Nazionalean murgiltzen da, munduko leku gatazkatsu eta bortitzenetako batean, Lwiroko Primateak Errehabilitatzeko Santutegian hain zuzen ere.