Glocal in Progress elkarrizketa

Glocal in Progress elkarrizketa

2017 Iraila 21

Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei zuzenduta dago Glocal in Progress; bertan, postprodukzio-fasean dauden hiru film luze hautatu aurkeztuko dira, filmak amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagundu dezakeen talde baten aurrean. Talde horretan, produktoreak, banatzaileak, salmenta-agenteak eta programatzaileak egongo dira, besteak beste.

GLOCAL CINEMA: Nola definituko zenuke zure filma?

TELMO ESNAL: Dantzatutako istorioa. Dantzaz dantza narrazio bat eraikitzen duen musikala.

MIHA MAZZINI: Sistemaren biolentziaren inguruko drama pertsonala.

HADRIAN MARCU: Filmak gizon batek bere burua ulertzerakoan eta dituen arazoei aurre egiterakoan bizi duen porrota erakutsi nahi du. Egokitzeko duen ezintasuna. Azken batean, pertsonalki aurrera egitekoa duena.

GC: Nola sortu zen proiektua gauzatzeko ideia?

TE: Koldobika Jauregirekin izandako elkarrizketa batean sortu zen ideia (Guggenheim Bilbao ASEDIO-SETIO erakusketarako dokumental bat elkarlanean egiteko lagun izan zuen artista plastikoa).  Dantzaria izan naiz eta beti pentsatu izan dut dantza tradizionalaren inguruko zerbait filmatu behar nuela. Koldobikak kezka bera zuela jakitean hasi zen guztia. Juan Antonio Urbeltzekin (Euskal dantzako ikertzaile eta irakasle esanguratsua) harremanetan jarri nintzen eta zer egin argi ikusten hasi nintzen.

MM: Liburu asko idatzi ditut eta bertatik ideiak hartzeko ohitura dut. Hau niretzat betebeharra baino gehiago zela sentitu nuen. 1992an Esloveniako gobernuak herritarren parte bat ezabatu zuen eta jakin nuenean, pentsatu nuen istorio hori kontatu beharrean gaudela. Beste norbaitek egitea espero nuen, baina ez zen hala izan. Eta idazle batek egin behar duena egin behar du, baita film luze bat zuzendu ere.

HM: Azken laburmetraien ondoren atzerapausoa eman behar izan nuen zenbait arazo pertsonal lantzeko. Uste nuena baino gehiago kostatu zitzaidan, baina zinemarekiko interesa berriro sartu zitzaidan barruraino. Abiapuntua bilatzeari ekin nion, nobela bilatu nuen eta azkenik, larritzen nauten gaien antzeko zerbaitera egokitu nuen.  Beraz, gai pertsonala, baina ez autobiografikoa, dela esango nuke.

GC: Zenbat denbora pasa zen lehen eta azken harraldiaren artean?

TE: Lehen harraldia 2014ko martxoan filmatu genuen, astebete behar izan genuen filmatzeko, eta material horrekin filmaren finantzaketa eragiketako oinarrizkoa izango zen “aurre” edo “teaser” bat egin genuen. Filmaketa nagusia 2017ko urtarrilaren 3an hasi zen, urte osoan zehar filmatu ditugu sekuentziak, hainbat kokaleku kulturaletan, 4 urte-sasoiak hartuz, abuztu bukaeran osatu dugu grabatu dugun azken sekuentzia. Eta azken sekuentzia falta zaigu, abendu bukaerarako aurreikusi dugu.

MM: Uste dut 21 egun behar izan genituela.

HM: 26 egunean filmatzeko plana egin genuen, baina azkenean, hilabete eta erdiko epean banatutako 23 egun izan ziren.

GC: Zer behar du filmak osatzeko?

TE: Filma ixten duen sekuentzia filmatzea falta zaigu. Soinu eta musiken produkzio-ostea, eta kontuan izanik filma musikala dela, oinarrizko elementua da. Dagoeneko ari gara Pascal Gaigne konpositorearekin lanean. Irudiaren muntaketa filmatzen genuen bitartean egin dugu Laurent Dufreche-rekin batera. Efektu digitalekin ere ari gara, baina egiteko asko dago oraindik. Kreditu tituluak, etalonatzea, etab… falta dira.

MM: Musika pixka bat, edizioa, erabiltzen dugun kantuaren egile-eskubideen baimena, kolorearen mailaketa.

HM: 40.000 euro inguru behar ditugu filma amaitzeko. Kolorearen mailaketa, soinuaren diseinua eta nahastea dira osatu beharreko kontuak.

GC: Zein da Glocal in Progress bezalako programa batean parte hartzearen itxaropena?

TE: Filmaren nazioarteko hedapenean eragitea gustatuko litzaiguke, Donostiatik nazioarteko salmenta agente baten eskutik ateratzea, eta A mailako jaialdiren batek filma jaialdiko programazioan txertatzeko interesa izatea... berri onak lirateke. Eta noski, Glocal saria irabaztea, egiteke diren produkzio-osteko prozesuak gauzatzen laguntzeko.

MM: Aurrekontu eta lotura gehiegirik gabeko herrialde txiki batekoak gara, filma ahalik eta begi egokienen aurrean aurkeztu nahi dugu. Mila esker gu hautatzeagatik.

HM: Materiala taldetik kanpo erakusten dugun lehen aldia da eta harrera ezagutu eta proiektuaren inguruan kontzientziatu nahi dugu. Eta azken batean, finantzaketa osatzen eta filma entregatzen lagunduko diguten bazkideak aurkitu nahi ditugu.

GC: Zein dira eman beharreko hurrengo urratsak?

TE: Berehalako erronkak musika, soinuaren muntaketa eta efektu digitalak dira. Azken sekuentzia filmatzea falta zaigula ahaztu gabe.

MM: Amaitzea eta jaialdietara eramaten saiatzea.

HM: Une honetan edizioarekin gabiltza, helburua filma urri erdialderako amaitzea da.

GC: Noiz espero duzue estreinatzea?

TE: 2018an izango da, baina oraindik goizegi da data zehazteko. Produkzio-osteko epeen eta pelikula hedatzeko jaialdien interesaren araberakoa izango da.

MM: Datorren urtearen hasieran.

HM: Estreinaldi nazionala 2018ko udazkenean egiteko intentzioa dugu eta nazioartekoa, urte berean, lehenago.