Gaur estreinatuko da ‘Tom Txiki eta ispilu magikoa´ filma. Zinema Euskaraz programari esker, filma euskaraz estreinatuko da Multicines Bilbao (Bilbo), Cines Sade (Donostia), Cines Florida (Gasteiz) eta Kultur Etxea (Getxo) aretoetan. Ondoren, beste hainbat herrietako aretoetan egongo den ikusgai: Bermeo, Zumarraga, Beasain, Eibar, Elorrio, Muskiz, Azpeitia, Zalla…
Ernesto Padronek zuzendua, Ficción Producciones ekoiztetxearen eta ICAIC Animazio Institutuaren koprodukzio bat da. Jose Martik idatzitako “Pulgarcito” istorioaren bertsio librea Malagako Espainiar Zinemaldian, Sevillako Zine Europarraren Jaialdia, Latinoamerikako Zinemagintza Berriaren Nazioarteko Jaialdia -Koral saria animaziozko film luzeen sailean irabazita- eta Barranquillako Nazioarteko Zine Jaialdian izan da ikusgai…
Tom Txiki bere familia txirotasunetik atera nahi duen nekazari txiki bat da. Uztak hondatzen dizkion intsektu izurri batek eta laranja itxurako ispilu magikoak abentura bidean jarriko dute. Ispiluak bere ametsetako emakumea erakutsi eta Pedro eta Pablo anaiekin hirira joateko aginduko dio. Hirira bidean Tom Txikik jakingo du erregeren jauregia ilunpean eta urik gabe dagoela, zuhaitz sorgindu handi baten erruz. “Jakintza indarra baino ahaltsuagoa dela” erakutsiko digu.