Gaur estreinatuko dituzte euskaraz “Smallfoot” eta “Horman Erlojua duen Etxea” filmak Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

Gaur estreinatuko dituzte euskaraz “Smallfoot” eta “Horman Erlojua duen Etxea” filmak Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

2018 Urria 11

Estreinaldi bikoitz honekin, Zineuskadiren bidez Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programari esker aurten oraingoz euskaraz estreinatutako filmak 8 izango dira guztira

Estreinaldi bikoitz honekin, Zineuskadiren bidez Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programari esker aurten oraingoz euskaraz estreinatutako filmak 8 izango dira guztira

Udako geldialdiaren ostean, Zinema Euskaraz programa zinema-aretoetara itzuliko da komunikazio kulturaleko ibilgailu gisa euskararen erabilera bultzatzeko asmoz eta Zineuskadik herritarren esku hainbat film eskaintzen jarraituko du: familia osoarentzako filmak, Smallfoot (Warner Bros Pictures), eta gazteei zuzendutakoak, Horman Erlojua duen Etxea (Entertainment One), esate baterako.

Smallfoot filmaren aurre-estreinaldia Zinemaldiaren 66. edizioan egin zuten Donostian eta bertan izan zen Dani de Vito. 3Dan egindako abentura animatua da eta Sergio Pablos espainiarraren (Gru, mi villano favorito (2010) filmaren ideia originalaren sortzailea) istorio originalean oinarrituta, Yetiaren mitoa nolabait aldatzen du. Filma Karey Kirkpatrick-ek (Imagine, Vecinos invasores) zuzendu du eta gidoilariak John Requa (Bad Santa, Como perros y gatos) eta Glenn Ficarra (Phillip Morris ¡Te quiero!, Una pandilla de pelotas) izan dira. Ikusle guztientzat prestatuta dagoen flmak Bigfoot-en mitoan nolabaiteko aldaketa egingo du; Yeti gazte eta bizkorrak existitzen ez zela uste zuen zerbaitekin topo egingo du: gizakiarekin.

Era berean, Horman Erlojua duen Etxea (7 urtetik aurrera) fantasia gotikoa iritsiko da zinema-aretoetara. Filma Eli Roth-ek (El infierno verde) zuzendu eta Steven Spielberg-ek ekoitzi du. John Bellairs-ek idatzi eta Edward Gorey-k ilustratutako izen bereko eleberriaren egokitzapena da eta gidoilaria Eric Kripe (Haunted) izan da. Filmeko aktoreen zerrenda honako hau da: Jack Black (Jumanji: Bienvenidos a la jungla), Cate Blanchett (Thor: Ragnarok), Lorenza Izzo (Toc Toc), Renée Elise Goldsberry (The Good Wife), Colleen Camp (Lío en Broadway), Kyle MacLachlan (Twin Peaks), eta Owen Vaccaro (Dos padres por desigual) gaztea. Istorioak 10 urteko haur baten, Lewisen (Owen Vaccaro), kontakizun magikoa eta beldurgarria azaltzen du. Umezurtz geratu ostean, osabaren etxe zahar eta karrankarira joango da bizitzera; han, erloju misteriotsu bat topatuko du. Handik gutxira, ordura arte aspergarria eta lasaia izan den herri berriko bizitza asaldatu egingo da Lewisek, nahi gabe, mundu sekretuko azti eta sorginak esnatzen dituenean.

Euskarazko hurrengo estreinaldia azaroan izango da “Udare erraldoiaren istorio sinestezina”  (Drackmagic) filmarekin.  Filma Jacob Martin Strid-en haurrentzako 'The Giant Pear' ipuinean oinarrituta dago. Itsasoko munstroak, pirata higuingarriak eta udare erraldoiak protagonista dituen aparteko abentura kontatzen du filmak.