Gaur estreinatuko da euskaraz Mr. Link. Jatorri galdua filma Euskadiko eta Nafarroako zine-aretoetan

Gaur estreinatuko da euskaraz Mr. Link. Jatorri galdua filma Euskadiko eta Nafarroako zine-aretoetan

2019 Ekaina 07

Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programari esker, arrakasta kritikoa eta ekonomikoa eskuratu duen film estatubatuarra euskaraz ikusiko dugu gaurtik aurrera gure lurraldeko zinemetan.

Haurrei eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Zineuskadiren bidez, euskara bultzatzen du zinema komunikazio kulturalerako bitarteko gisa erabiliz. Animaziozko pelikula hau zazpigarrena da aurten Zinema Euskaraz programan. 

Mr. Link. Jatorri galdua Chris Butlerrek zuzendutako eta idatzitako abenturazko film dibertigarria da. Lionel Frost ikertzailea da protagonista. Frostek mitoak eta munstroak ditu ikergai eta izaki arraro eta maitagarri bat aurkituko du, bere espezieko azkena, eta Mr. Link izena jarriko dio. Frostekin batera, Mr. Linkek bidaia zoragarri bezain dibertigarri bati ekingo dio duela asko galdutako bere lehengusu Yetiak aurkitzeko asmoz. Horretarako Adelina Fortnight abenturazale adoretsuaren laguntza izango dute, beronek baitauka Yetien kokagunea adierazten duen mapa bakarra. Hirurek elkar hartuta, arrisku ugari gainditu beharko dituzte helmugara iristeko.  

Filma honako zine-aretoetan estreinatuko da euskaraz: Principe zinema (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Cinesa Urbil (Usurbil), Cines Florida (Gasteiz), Multicines (Bilbo), Gran Cinema Zugaza (Durango), Torrezabal zinea (Galdakao), Zornotza Aretoa, Golem La Morea (Iruña) eta Golem Alhóndiga (Bilbo).

Zinema Euskaraz programaren hurrengo filma ez da zinera iritsiko abuztuaren 30era arte, egun hartan estreinatuko baita Playmobil pelikula. Hala ere, uztailean ikusmira handia piztu duen estreinaldia datorkigu, Dibulitoon Studio ekoizpen-etxearen Elkano, lehen mundu bira euskal animaziozko pelikula hilaren 5ean iritsiko baita Euskal Herriko 16 zine-aretoetara. Filmak harrera bikaina izan du zinema jaialdietan eta hainbat herrialdetako zinemetan ikusiko da. Aurretik, aurrestreinaldia izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian ekainaren 29an, baita Sevillan ere uztailaren 3an.  

Pelikulak lehen mundu bira oroitzen du. Ezezagunerako bidaia bat, Magallanesen buruzagitzapean abiatu eta Juan Sebastian Elkanok amaitu zuena. Ekaitzak, gosea, tribuak… Sevillatik bost ontzi atera ziren. Hiru urte beranduago, bakarra itzuli zen. Planetaren biribiltasuna behin betiko frogatu zuen abenturarik ikaragarriena.