Gaur estreinatuko da euskaraz Dragon Ball Super: Broly filma Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

Gaur estreinatuko da euskaraz Dragon Ball Super: Broly filma Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

2019 Otsaila 01

Dragoi Bola ETB 1 telebista katera iritsi zela 30 urte betetzear daudela, Gokuren abentura berriak zinema aretoetara iritsiko dira gaur Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programari esker

Dragon Ball Super: Broly film japoniarraren estreinaldiak ikusmin handia piztu du Euskadin. Izan ere, animaziozko pelikula honek euskal telebistak igorritako haurrentzako telesailik arrakastatsuenetakoaren pertsonaiak berpizten ditu, Goku eta Vegeta tarteko. Gainera, telesailaren bikoizketan lan egindako aktore berberek hartu dute parte pelikularen euskarazko bikoizketan, eta honen ondorioz pertsonaiek euren ahots originala mantentzen dute. 

Estreinaldiak piztu duen ikusminak sare sozialetan oihartzun handia eragin du, baita euskarazko bikoizketaren inguruko dokumentalaren filmaketa bultzatu ere. Oier Gómez Dragoi Bola N-cast youtube katea daraman gazteak zuzendutako dokumentala Selecta Vision banatzaileak merkaturatuko duen DVD-aren eduki estren artean ikusi ahalko da.

Pelikula DVDan merkaturatu aurretik, manga telesailaren jarraitzaileek zinema-aretoak beteko dituzte Dragon Ball Super: Broly pantaila handian ikusteko. Gaur bertan hitzordua dute Bilboko Golem Alhondiga zineman estreinaldia elkarrekin ikusteko. Bertan, banatzaileak oparitutako merchandisinga banatuko dute ikusleen artean.

Bilboko Golem Alhondigan proiektatzeaz gain, Euskadiko eta Nafarroako honako zinema-aretoetan ikusiko da filma euskaraz: Principe zinema (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Ocine Mendibil (Irun), Usurbe Antzokia (Beasain), Oñatiko zinea, Baztartxo zinema (Azkoitia), Cinesa Urbil (Usurbil), Yelmo Cines Boulevard (Gazteiz), Gran Cinema Zugaza (Durango), Torrezabal zinea (Galdakao), Getxo Zinemak, Meatzari Aretoa (Muskiz), Olalde Aretoa (Mungia), Zornotza Aretoa, Golem La Morea (Iruña).

Filmak Gokuren, Vegetaren eta Brolyren arteko liskarra kontatzen digu. Bakea berriz ere Lurrera itzuli da Botere Lehiaketaren ondoren. Beste unibertso batzuetan oraindik ikusi ez dituen izaki ikaragarri indartsuak daudela jakin duenean, Gokuk entrenatzen jarraitzea erabaki du orain den baino indartsuagoa izateko asmoz. Halako batean, Broly izeneko saiya ezezagun bat azaldu zaie Gokuri eta Vegetari. Baina, saiyak ez ahal ziren desagertu bada, Vegeta Planeta suntsitu zenean? Hortaz, zertan ari ote da Lurrean Broly?