Cristina Uriartek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Alex Martínez Roig-ek, Canal+-eko Edukien Zuzendari Orokorrak, Eusko Jaurlaritzak kate pribatuarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren berri eman dute gaur Donostian. Akordio honi esker, Canal+-ek jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskainiko ditu bere estreinaldi gehienak (euskaraz eta gaztelaniaz sortutako lanak izan ezik beste guztiak azpititulatuko dira). Honela, ikusleak puntako telesailak eta filmak kontsumitzeko aukera berri bat izango du hemendik aurrera. Eusko Jaurlaritzaren ustez, emandako pausu hau oso garrantzitsua da euskararen normalizazioari dagokionez.
Eusko Jaurlaritzak Canal+-ekin sinatutako akordioa 2014ko abenduaren eta 2016ko abenduaren artean garatuko da. Urtero, gutxienez 100 filmi jarriko zaizkie azpitituluak (gutxienez 100 film 2015ean eta beste horrenbeste 2016ean), eta hauei 2014an azpitituluak jarriko zaizkien 47 film gehitu behar zaizkie. 2014ean 2 telesaili jarriko zaizkie azpitituluak eta 2015ean eta 2016ean, berriz, gutxienez 11 telesail azpititulatuko dira. Urtero 11 gutxienez, alegia.