Euskal zinemaren presentzia nabarmena, Biarritzeko FIPADOC jaialdian

Euskal zinemaren presentzia nabarmena, Biarritzeko FIPADOC jaialdian

2021 Urtarrila 18

Bi euskal proiektuk jaialdiko Sail Ofizialean hartuko dute parte; Jokin Etcheverriaren ‘Muak Autoflow’ web telesaila, eta Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren ‘Caminho Longe’ filma. Halaber, 15 euskal zinegile ere egongo dira bertan eta gaur Akitania Berriaren eta Euskadiren arteko lankidetza sustatzeko mahai-ingurua egingo da.

Gaurtik ostiralera Biarritzen egingo den zinema dokumentalaren nazioarteko FIPADOC jaialdiak euskal zinemaren presentzia nabarmena izango du. Pandemiaren eraginez, aurtengo edizioan topaketa profesionalak online formatuan egingo dira eta bertan hamabost euskal zinegilek hartuko dute parte. Halaber, antolatzaileek bi euskal lan aukeratu dituzte Sail Ofizialerako, Jokin Etcheverriaren ‘Muak Autoflow’ telesaila, eta Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren ‘Caminho Longe’ filma.

Era berean, gaur, Akitania Berriaren eta Euskadiren arteko mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko mahai-inguru birtual bat egingo da, Zineuskadi bertan dela, Euroeskualde honen barruan lankidetzarako eta finantzaketarako dauden aukerak jorratzeko. Aurkezpen instituzionala izango duen topaketa honetan bi koprodukzio arrakastatsu aztertuko dira, eta profesionalei eskaintzen zaizkien finantziazio-abantailetan sakonduko da. Hain zuzen, jaialdiari begira, Akitania Berriko eta Euskadiko ekoizpenak biltzen dituen katalogo bateratua argitaratu da.

FIPADOC urtero Biarritzen egiten den zinema dokumentalaren nazioarteko jaialdia da, eta Europako garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Urtero, publikoa eta profesionalak biltzen ditu aukeratutako film dokumental aipagarri batzuen inguruan. Hala ere, edizio honetan, COVIDaren aurkako borrokak ezarritako neurrietara egokituz, profesionalen topaketak online egingo dira, eta proiekzioak hilabete batzuk atzeratu dira jendaurrean egin ahal izateko.

Sail Ofiziala

Jaialdiaren atal ofizialean formatu desberdineko bi euskal lan nabarmentzen dira. Jokin Etcheverriak sortu eta zuzendutako ‘Muak Autoflow’ web telesailak, gure planetaren etorkizunari buruzko lanak, Smart atalean parte hartuko du Smartphone batekin grabatuta, kontzientzia ekologiko handia duten pertsonei ahotsa ematen die mezu argia helarazteko: bizi nahi badugu, beste modu batera bizitzen ikasi behar dugu. Jok Production SLk eta Media Attack-ek ekoitzitako lana da.

Bigarren dokumentala ‘Caminho Longe’ filma da, Josu Martinezek eta Txaber Larreategik zuzendua, eta ‘Histoires d’Europe’ atalean parte hartuko du. Alfonso Etxegarai etakide ohia Euskadira itzultzen denekoa da, Afrikako Santo Tomé eta Príncipe uharteetan hiru hamarkadaz erbesteratuta egon ondoren. Hara erbesteratu zuten Frantziak eta Espainiak. Proiektu horren ekoizleak Gastibeltza eta Adabaki Ekoizpenak izan dira.

Gainera, Euskadiko hamabost profesional izango dira FIPADOCeko Industria Atalean. Zehazki, hitzordu honetan parte hartuko dute Jone Landaluzek (Dibulitoon), Tamara Garcíak (Artekaleun), Oihana Oleak (Altube Filmeak), Ricardo del Condek (Kalakalab), Ainhoa Andrakak (Doxa Producciones), Nerea Garcíak (Area Audiovisual), Ander Iriartek (Mirokutana), Maru Soloresek (Lumiere Ekoizpenak), Nagore Eceizak (El Santo Films), Gentzane Osabak eta Alex Vicuñak (Marmoka Films), Iratxe Fresnedak eta Txelu Medinak (Pimpi&Nella Films), eta Ritxi Lizartzak eta María Vallejok (Maluta Filmak)