Euskal zinemak protagonismo handia izango du Donostiako Zinemaldian

Euskal zinemak protagonismo handia izango du Donostiako Zinemaldian

2019 Iraila 19

Sail ofizialetan aurkeztuko diren 21 pelikulez gain, euskal ikus-entzunezkoaren enpresa ugari biltzen dituen Basque Audiovisual markak zinema proiektuen katalogoa banatuko du. Era berean, euskal zinemagileei zuzendutako hainbat jarduera burutuko dira zinema jaialdiaren baitan.

Euskal zinemagintzak Donostiako Zinemaldian protagonismo handia izango du. Sail ofizialetan lehiatuko dira jaialdian eskainiko diren 21 ekoizpenetako batzuk, besteak beste Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien La trinchera infinita. Loreak eta Handia filmen autoreek Urrezko Maskorra jasotzeko aukera izango dute aurtengoan ere, Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktoreekin filmatutako Espainiako Gerra Zibilean oinarritutako pelikularekin. Zuzendari Berriak sailean aldiz, Maider Fernandezek Ikusmira berriak egoitza-programan gauzatutako Las letras de Jordi aurkeztuko du, zuzendariak garuneko paralisia duen gizon batekin duen harremanari buruzko filma.

Bestalde, Kimuak programako bi film labur lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera atalean: Chema Garcia Ibarra eta Ion Sosaren Leyenda dorada eta Izibeñe Oñederrak zuzendutako Lursaguak / Escenas de vida. Sail berean ikusi ahal izango da ere Urpean Lurra Maddi Barberen film ertaina, eta Culinary Zinema atalean, euskal gastronomiari buruzko hiru dokumental eskainiko dira: Iñaki Artetaren Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio, Mikel Urretabizkaiak zuzendutako Gazta eta Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan. Gainera, ezin dugu ahaztu Kowalski Films euskal ekoiztetxeak koproduzitu duela Canneseko zinema jaialditik pasa ondoren Perlak sailean egongo den Oliver Laxe galiziar zinemagilearen O que arde pelikula. Horrez gain, Aupa Etxebeste! film arrakastatsuaren sekuela, Agur Etxebeste, Euskal Zinemalaren Galan ikusiko da eta Miguel Angel Jimenezek zuzendutako Una ventana al mar, EITB-ko galan. Bukatzeko, garapenean dagoen Txintxua Films produkzio-etxeko Karmele proiektua Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aurkeztuko da, eta Zinemira sailak euskal zinemagintzaren aberastasuna islatuko du hamar pelikula eskainiz.

Aurten estreinatu diren euskal filmak, nahiz garapenean daudenak, nazioartean ezagutzera emango dira Basque Audiovisual katalogoaren bitartez. Bertan, 70 proiektu zinematografiko bilduko dira, horietako 31 garapen-fasean, 15 produkzio-faseren batean eta 2019an zehar amaitu eta/edo estreinatu diren gainontzeko 24ak. Guztira, argitalpen horretan 50 euskal ekoiztetxeren lanak jasoko dira: Abraprod, Amania films, Area audiovisual, Arena comunicación, Baleuko, Basque Culinary Center, Basque films, Brisney, Dibulitoon, Doxa producciones, Dynamite films, Emana films, El buen sitio, Fascina, Fase 3, Fragil zinema, Gariza films, Gastibeltza filmak, Hiruru filmak, Hiruki films, Ikusgarri films, Irusoin, Izar films, Kinoskopik, Komiki films, La escena del jardín, Lago & Laporta, Lamia producciones, Leize producciones, Limbus filmak, Lotura films, Lumiere produkzioak, Maluta films, Media attack, Nadie es perfecto, Olde-Andoni Murua Maiza, On produkzioak, Pimpi & Nella films, Prima luce, Salto de eje, Sendeja films, Setenta invisibles, Sincro producción, Sonora estudios, Sr & Sra, Taui media, Trepamuiros, Txintxua films, Zazpi t’erdi eta Zinema varietes. Zineuskadiren, Etxepare Institutuaren eta Eiken Klusterraren lankidetzari esker euskal zinema nazioartean ezagutzera emateko sortu den marka honek www.basqueaudiovisual.eus webgunea martxan jarriko du laster, Euskadiko koprodukzio markoaren inguruko informazioa zabaltzeko.

Koprodukzioen gaia jorratuko dute Zinemaldian zehar burutuko diren zenbait jarduerek, horien artean Glocal meets Scotland topaketak. Screen Scotland erakundeak irailaren 24an antolatutako hitzorduak gaelikoan lan egiten duten profesionalen eta Europako hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatzen duten ekoiztetxeen arteko elkarlana bultzatzea izango du helburu, euskal zinemaren industriako enpresak tarteko egongo direlarik.

Bestalde, euskal emakume zinegileen pisua eta ikusgaitasuna indartzea helburu duen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Zineuskadik bultzatutako NOKA Mentoring programa amaitzear da, urtean zehar gauzatutako mahai-inguruen eta prestakuntza saioen ostean. Parte-hartzaileak irailaren 25ean bilduko dira bazkari informal batean. Bertan, Tamara Lucarini programako partaidearen El peso ekoizpena Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte-hartzea ospatu ahal izango dute.

Foro honetan ikusi ahalko dira ere beste lau euskal ekoizpen: Iban Ayestaren Amores trashumantes, Gerard Escuerrek zuzendutako Bromo: el agente Gernika, Diego Urruchiren El río de la vida eta Juan Gautierren Shooting for Mirza.

Azkenik, euskal zinemaren profesionalak Zinemaldian duten protagonismoa eta sektorearen hazkundea ospatzeko bilduko dira irailaren 24an Zineuskadik antolatu duen koktelean.