Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia gaur hasiko da eta datorren ostiralera arte, azaroak 20, luzatuko da
Zinebi, Bilboko Zinema dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, gaur hasiko da eta astebetez luzatuko da, datorren ostiralera arte, azaroak 20. Euskal ekoizpen eta zinegile ugarik parte hartuko dute hitzordu honetan, non garbi geratuko den euskal ikus-entzunezkoen sektoreak bizi duen sormen-une ona, egungo osasun-egoerak eragindako zailtasun guztiak gorabehera. Izan ere, kalitate handia erakutsi du sektoreak azken jaialdietan: Donostiako Zinemaldian eta Abycinen.
Proiekzio handiko zazpi film labur lehiatuko dira Sail Ofizialean. Besteak beste, Hauazkena Taldearen 'Ehiza'; aurtengo ekainean Annecyko Jaialdiko Film Laburren Epaimahai Onenaren saria jaso zuen Alberto Vazquezen 'Homeless Home' (Ivan Miñambres, Uniko Films); Xabier Larrazabalen 'Maite'; Aitor Gametxoren 'Hemen, Gaur, Berriz'; Estibaliz Urresolaren 'Polvosomos' (Sirimiri Films); Koldo Almandozen eta Maria Elorzaren 'Quebrantos' eta Lur Olaizolaren 'Zerua Blu'.
Bestalde, lehiaketatik kanpo dagoen Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi atalak sei euskal film luze hartuko ditu: Javier Rebolloren 'De los ojos adentro'; Josep Morellen eta Jordi Vilarren 'Ernest Lluch, libre y atrevido'; Josu Rekalderen 'Esther Ferrer, hilos de tiempo'; Paula Iglesiasen eta Marta Gomezen 'Fabricando mujeres 2.0'; Josi Sierraren ‘Mikel Zarate, bihotz zabaleko abeslaria’, eta 'Margolan bat oparitzen didazu?', Ainhoa Urgoitiaren eta Enrique Reyren eskutik.
Jaialdian euskal zinemagile ugarik hartuko dute parte eta, gainera, garapenean dauden dokumental luzeko zortzi proiektu aurkeztuko dituzte azaroaren 17an, ZINEBI NETWORKING sailean. Aurten, Zineuskadik eta Europa Creativa MEDIA Desk Euskadik jaialdiarekin izan duten elkarlanari esker, Mehdi Bekkar (AlJazeera), Catherine Le Clef (Cat&Docs), Elena Mera (Treeline Distribution), Loles Fanlo (D'A Film Festival Barcelona) eta Ove Rishoj Jensen (Ove Rishoj Jensen) bezalako profesionalen partaidetza izango du tailerrak. Aukeratutako lanak ondorengo hauek dira: Jorge Moneoren ‘Almanaka’ (Kalakalab); Iban Ayestaren ‘Amores Trashumantes’ (Sonora Estudios, Emana Films); Oskar Tejedorren ‘Asunto inconcluso’ (Sonora Estudios); Amaia Remirez-en ‘Bayo Bayo Baby’ (Kanaki Films); Nagore Eceizaren ‘If you wish to make an apple pie’ (Quatre Films); Toia Bonino eta Marcos Joubet-en‘ La piba de oro’ (Atekaleun); Ione Atenearen ‘Los caballos mueren al amanecer’ (Hiruki Filmak, Zazpi t'erdi) eta Eneko Olasagastiren ‘LosXei’ (Sincro Producciones).
Jaialdiaren inaugurazio ekitaldia gaur 18:30ean hasiko da Arriaga Antzokian. Polaroiska Kolektiboak zuzendutako ekitaldiak hasiera emango dio topaketaren edizio konplexu eta berezienari.