Bederatzi euskal proiektuk esku hartuko dute zinema indepentearen Albaceteko jaialdian, urriaren 23 eta 30 artean
Bederatzi euskal proiektuk hartuko dute parte Abycine zinema indepentearen Albaceteko jaialdian, urriaren 23 eta 30 artean. Euskal zinemaren presentzia nabarmenena merkatu atalean izango da, eta zinegileek laguntza izango dute bertan, euren lanen garapena eta banaketa aurrera eramateko. Albaceteko topaketaren XXII. edizioan, garapen fasean dauden 18 fikziozko film luze eta dokumental aukeratu dituzte, proposamenen sormena oinarritzat hartuz, ekoizpenean laguntzera bideratutako V. Abycine Lanza–CMM 2020 foroan parte hartzeko. Hautatutako lanen artean daude Esti Urresolaren '20.000 especies de abejas’ (Sirimiri Films eta Gariza Films), Jorge Moneoren ‘Almanaka’ (Kalakalab), Tamara Lucariniren ‘El peso’ (Banatu Filmak), David Desolaren 'El padre de todos nosotros' (Basque Films) eta Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’ (Pimpinella Films eta Marmoka Films). Gainera, Sara Fantova (Noka Mentoring programako parte-hartzailea) zinegileak bere lehengo luzemetraia den 'Jone a veces' aurkeztuko du proiektu gonbidatu gisa. Zinemagileek beren proiektuak topaketa publikoetan aurkeztu ahal izango dituzte, baita banakako saioetan ere, eta foroan elkartuko diren Estatuko nahiz nazioarteko profesionalen aholkularitza jasoko dute: ekoizleak, banatzaileak, salmenta-agenteak, etab.
Arantza Santestebanen ‘918 gau’ (Txintxua Films eta Hiruki Filmak) film luzea, berriz, postprodukzio fasean dauden V. Work In Progress foroan izango da, Estatuko zinema independenteko talentua nabarmentzen duen atalean, hain zuzen. Gainera, David Pérez Sañudoren ‘Ane’ (Amania Films) pelikulak Abycine Indie sailean parte hartuko du, hau da, zine-aretoetan komertzialki estreinatu ez diren edo banaketa murriztua izan duten eta jaialdi honek aldarrikatzen duen fenomeno independentearen erakusle diren filmen atalean.
Bestalde, David Pérez Sañudoren 'Ane' proiektua (Amania Films) Sail Ofizialean lehiatuko da eta Paul Urkijok aurkeztutako azken film laburra, 'Dar-dar' (Ikusgarri Films) eta Pablo Hernandoren 'El ruido solar' (Code 7 Pictures) Abycine Cortos atalean hautatu dituzte; eta Juan Palaciosen 'Meseta' pelikula (Doxa Producciones eta Jaibo Films) Talentos Abycine Lanza sailean egongo da. Atal horrek aurreko urteetan Abycine Lanza-Mercado Audiovisual Independiente sailean proiektu gisa parte hartu duten filmak biltzen ditu.