Euskal zinema, Locarnoko Jaialdian ere ikusgai

Euskal zinema, Locarnoko Jaialdian ere ikusgai

2021 Abuztua 04

Gaur hasi eta abuztuaren 14ra arte luzatuko den Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdiak euskal zinemagintzako bi ordezkari izango ditu: 'Espíritu Sagrado' filma eta Cristina Fraile zinemagilea. Zinema-topaketa hau, munduko garrantzitsuenetako bat, Chema Garciaren 'Espíritu Sagrado' opera primaren munduko estreinaldirako erakusleiho ezin hobea izango da.

Apellaniz y de Sosak, Jaibo Filmsek, La Fábrica Nocturna Cinémak eta Teferruat Filmek ekoitzitako pelikulak Suitzako jaialdiko Nazioarteko Lehiaketa atalean parte hartuko du. Lan esoterikoa da; José Manuel eta Ovni-Levante elkarte ufologikoko gainerako kideak astero biltzen dira estralurtarren mezuei eta abdukzioei buruzko informazioa elkarri trukatzeko. Julio, liderra, ezustean hilko da, eta hala, José Manuel izango da gizateriaren etorkizuna alda dezakeen sekretu kosmikoa ezagutzen duen bakarra. Bitartean, Espainian, duela aste batzuk desagertutako neska baten bila dabiltza.

Gainera, Locarno Pro ataleko Match Me! Topaketak Maluta Films ekoiztetxeko Cristina Fraile zinemagilea aukeratu du aurtengo edizioan parte hartzeko. ICAAren partaidetza duen programa da, eta bere helburu nagusia nazioarteko ekoizpenean diharduten funtsezko eragileen arteko harremanak eraikitzea eta sustatzea da. Ekitaldia abuztuaren 2an hasi zen eta igandera arte, hilak 8, burutuko da.

Cristina Fraile Maluta Films-eko ekoizpen-burua da. Ekoiztetxea 2008an sortu zen, Donostian, eta azken urteotan gizartearen eta historiaren sustraiak nabarmentzen zituzten proiektuak gauzatu ditu, betiere giza eskubideen ikuspegitik. Bere ibilbide luzeko lan ugarien artean 'Margolaria' eta 'Apaiz Kartzela' nabarmendu behar dira. Gaur egun, Ainhoa Gutiérrez del Pozoren 'Hezurrak' lana garatzen ari dira.