Euskal zinema inoiz baino presenteago izango da Berlinaleko 69. edizioan

Euskal zinema inoiz baino presenteago izango da Berlinaleko 69. edizioan

2019 Otsaila 05

Sekzio ofizialetarako bi film hautatu dituzte eta bost Market Screenings izenekorako. Euskal zinematografiak bizi dituen une gozo hauek ospatzeko cocktaila egingo dute

2019ko otsailaren 7tik 15era bitartean egingo den Berlinaleko European Film Market ekimenak laugarren aldiz Euskadiko enpresa ugari bilduko ditu Basque Audiovisual markaren pean. Martin Gropius Baun ICEXen standean beren gune propioa izango dute enpresa horiek Zineuskadik Etxepare Institutuarekin eta Eiken Clusterrarekin egindako lankidetzari esker.

Gunea Cinema from Spain izeneko eremuan egongo da gunea eta 50 proiektu zinematografiko dituen katalogoa banatuko dute. Haietako 22 garatzen ari dira, 11 ekoizpeneko faseren batean daude eta 17 2018an amaitu eta/edo estreinatu dituzte. Guztira, argitalpenak Euskadiko 31 ekoizpen-etxeren lanak biltzen ditu: Abraprod, Adabaki Komunikazioa, Amania Films, Area Ayudiovisual, Arena Comunicación, Arquetipo Comunicación, Basque Films, Blogmedia, Dibulitoon, Doxa Producciones, Dynamite Films, Emana Films, En Buen Sitio Producciones, Fase 3, Gariza Films, Gastibeltza, Ikusgarri Films, Irusoin, Izar Films, Kinoskopik, Lago&Laporta, Limbus Filmak, Lotura, Lumiere Produkzioak, Maluta Films, Marmoka Films, Pimpi&Nella, Salto de Eje, Sr&Sra Producciones, Taui Media eta Txintxua Films.

Aurten, Euskadiko bi ekoizpen-lanek jaialdiko bi sekziotan hartuko dute parte: Ion de Sosak eta Chema García Ibarrak (Apellaniz&De Sosa) zuzendutako La Leyenda Dorada film laburra Berlinale Shorts sekzioan aukeratu dute, eta Miguel Ángel Jiménezek (Kinoskopik Film Produktion) zuzendutako Y en cada lenteja un dios dokumentala Culinary Cinema sekzioan izango da. Izen bereko sekzioan ere parte hartu zuen Donostiako Zinemaldiko azken edizioan. Miguel Ángel Jiménezen lanak lanaren eta bizitza pribatuaren arteko oreka du aztergai. Kiko Moya eta bere familia Alacanteko Cocentaina herrian dagoen "L'Escaleta" jatetxea zuzentzen ari den bigarren belaunaldia da. Espainiako eta Portugaleko 25 jatetxe onenetako bat da eta bi Michelin izar ditu. Proiekzioaren ostean, Kiko Moyak bere filmean oinarritutako menua prestatuko du eta Gropius Mirror Restaurant jatetxean zerbitzatuko dute.

Aurtengo beste alderdi esanguratsuenetako bat da nazioarteko erosle eta programatzaileentzat merkatuko proiekzioetan programatutako bost euskal film izango direla. Hauek dira lan horiek: El hijo del acordeonista (Fernando Bernués), Basque Selfie (Joaquín Calderón), 70 Binladens (Koldo Serra), Elcano & Magellan (Ángel Alonso) eta Vitoria 3 de marzo (Víctor Cabaco).

Zineuskadik Europako zinema-institutuekin, nazioarteko funtsekin, film commission-ekin, salmenta-agenteekin, nazioarteko zinema-jaialdietako programatzaileekin eta arduradunekin harremanak estutzeko lan egingo du. Horren bidez, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorea eta haren talentua nazioarteko testuinguru zinematografikoan bultzatzen jarraitu nahi du. Gainera, ekitaldi esanguratsuetan ere izango da eta, besteak beste, European Film Forum izenekoan. Hauxe izango da aurtengo gai nagusia: “(Azpitituluak eta bikoizketa: teknologia erabiltzea Europako filmei bidaiatzen laguntzeko”.

Horren baitan, networkingeko cocktaila egingo da igandean, otsailaren 10ean, 18:30ean Berlineko Hotel Gat Point Charlie hotelean (gonbidapena behar da). Gonbidatuen artean izango dira Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak, erosleak, salmenta-agenteak eta beste jaialdi batzuetako programatzaileak.