Lekeitioko Udalak antolatzen duen euskara hutsean egiten den zine bilera bakarraren 39. edizioa da aurtengoa eta jadanik euskal zineak badu hitzordua: urriaren 16tik 22ra bitartean, euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra izango dugu Lekeition. Euskal zinemagintzaren bilera hori Zineuskadi, Bizkaiko Foru Aldundia, BKK, Eusko Label eta Danobat Groupek babestuko dute. Aurtengo edizioan Euskaltel eta Erabil gehitu dira.
39. edizio honetan 50 lanetik gora jaso dira eta horietatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko; 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Azken hauen artean 5 lanek Gazte 22 sailean parte hartuko dute (2 lan lekeitiarrak egindakoak dira).
Aurten, gainera, Euskal Zine Bilerak I. Kartel Lehiaketa martxan ipini du, Euskal Zine Bileraren helburuetariko bat baita sorkuntza eta partaidetza sustatzea. Hori horrela, guztira 16 lan aurkeztu dira eta jadanik irabazlea aukeratua izan da. Irabazlearen izena eta kartela Bilboko BBK Aretoan egingo den prentsaurrekoan plazaratuko da.
Bestetik, 2015eko 38. Euskal Zine Bileran 3.000.-euroko Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren Leihoak lana primiziaz ikusteko aukera izango dugu. Lekeitioko Udalarekin batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz antolatzen du Euskaltzaleon Topaguneak sari hau.
Lehiaketa Euskal Zine Bilerak betiko bi helburu ditu. Batetik, euskarazko lan amateurrak saritu dira eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune nahi da izan. Hori horrela, lehiaketak bi kategoria ditu, profesionalena eta amateurrena; bakoitzak sailkatzen du bere lana batean edo bestean. Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Iaz, Aitor Oñederraren I said I would never talk about politics irabazi zuen profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean berriz, Yago Mateo Velascoren Fishura filmak.
Nahikoa ez eta beste bi sari ditu gordeta EZBk, bakoitza 500 eurokoa: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea. Gazte 22 sarira 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako 5 zinegilek eman dute izena. Iaz, Aitor Zarzuelo Landaren Maitaleak jaso zuen saria. Antzar Morea sariak bestetik genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du eta, halaber, kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan. Berau Lekeitioko Udaleko Berdintasun Sailak ematen du.
Epaimahaikideak 39. Euskal Zine Bilerako Epaimahaikideak euskal zinemagintzarekin harremandutako profesional ezberdinak biltzen ditu: zuzendariak, antzezleak eta ekoizleak. Ondorengo pertsonek osatzen dute: Asier Bilbao, Asier Hormaza, Iñaki Billebeitia, Tessa Andonegi y Sara Cozar.