Euskal ekoizpeneko zazpi film izango dira Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian

Euskal ekoizpeneko zazpi film izango dira Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian

2017 Abuztua 30

Julia Juaniz muntatzaileak Zinemira saria jasoko du Euskal Zinema eta ETBren Galan, non “Elkarrekin-Together” estreinatuko baita Zinemirak fikzioaren alorreko bi debut aurkeztuko ditu, “Bi txirula”, Iñigo Garcíarena, eta “Non”, Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchsena

Hamalau euskal ekoizpen izango dira 65. Donostia Zinemaldiko zortzi sail eta programetan. Horietatik zazpik Zinemaldian izango dute munduko estreinaldia eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dute.

Zinemira sailak lehiaketako hiru film hartuko ditu berean. Eñaut Castagnet (Berria 10 urteWhen I Was a Child) eta Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain antzerki-konpainiaren sortzailea, fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin. Bertan, Frantziako herri txiki bateko komunitate baten borrokaren berri emango digute, enpresa batek itxi ondoren. Bi txirula, gogoetarako bidaia, Iñigo García lehen fikzio-film luzea da. Lanbidez arkitekto, zenbait film labur egin ditu aurretik, esaterako, Big Boy dokumentala eta Errusia. Eta Pura vida (2012) eta Walls (2015) filmen zuzendari eta ekoizleek, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak (Iruña, 1978) eta Igor Otxoak (Donostia, 1978), Elkarrekin-Together zuzendu dute. Filmean, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino joango dira euskal arkeologoen espedizio bati jarraikiz, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila. Elkarrekin-Together izan da Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako aukeratutako filma.

Saila lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: Converso, David Arratibelen (Oírse) bigarren filma, eta Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azkenekoa. Arratibelek bere familiaren fede katolikorako konbertsioa ulertu nahi du filmaren bitartez, eta obra horrekin Publikoaren Saria jaso du Punto de Vista zinema-jaialdian, baita dokumental onenaren saria Malagako zinema-jaialdian ere. Berasategik, bestalde, Toti Martínez de Lezea arabar idazlearen pertsonaia literarioan oinarritutako animazio-filma zuzendu zuen.

Sail Ofizialean bi obra izango dira Irizar sarirako hautagai: Morir, Fernando Francok (Sevilla, 1976) La herida egin ostean zuzendutako bigarren filma, Marian Álvarez eta Andrés Gertrudix antzezleek protagonizatzen dute; aldiz, Handia-k, Aitor Arregiren (Oñati, 1977) eta Jon Garañoren (Donostia, 1974) filmak, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse ditu protagonista.

Halaber, saria lortzeko lehian izango da Operación Concha, Antonio Cuadri (Trigueros, Huelva, 1960) zuzendariaren filma, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Bárbara Goenaga protagonistekin. Belodromoan izango da emanaldia.

Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko du Bestelako jarduerak programaren esparruko Volar filma ere. Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) zuzendua -Zinemiran Mariposas en el hierro (2012) estreinatu zuen- genero-indarkeriaren biktima diren bederatzi emakumerengana hurbilduko da. Protagonistek asteburu bat elkarrekin ematen dute landa-eremuan.

Gainera, Koldo Almandoz (Donostia, 1973) berriz izango da Zabaltegi-Tabakaleran iaz Sipo Phantasma aurkeztu ondoren. Aurten Plágan izeneko film laburrarekin parte hartuko du. Kimuak 2017 ekimenerako hautatua izan zen, eta, urtero bezala, ekimeneko zazpi obrak profesionalentzako emanaldia izango dute Zinemaldiaren esparruan.

Lau euskal ekoizpen industriako jardueretan

Lau euskal ekoizpen ere -hiru hasiberriak, bat amaitzear- protagonista izango dira 65. Zinemaldiko industria-jardueren esparruan. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, euskal ekoizpena dute hastapenetan dauden bi proiektuk. Akelarre, 1609ko Euskal Herrian girotua, Pablo Agüerok zuzenduko du (El Bolsón, Argentina, 1977); hau da, 77 Doronship (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2009) eta Eva no duerme (Zinema Eraikitzen 27 eta Sail Ofiziala 2015) filmen errealizadoreak.

El doble más quince Mikel Ruedaren (Bilbao, 1980) proiektu berria da. Caminan (Zabaltegi-Tabakalera 2016 eta Kimuak 2016), New York. Bosgarren solairua (Zinemira 2016) eta A escondidas / Ezkutuan (Malagako zinema-jaialdia 2014) filmen egileak 30 urtek banatutako emakume eta nerabe baten istorioa kontatuko digu.

Horrez gain, Glocal in Progress ekimenak, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei emandako industria-jarduerak, Telmo Esnal (Zarautz, 1967) zuzendariaren Dantza aukeratu du lehenbiziko edizioan. Aurrez hainbat lan aurkeztu ditu zuzendariak Zinemaldian: Aupa Etxebeste! (Zuzendari Berriak, 2005), Asier Altunarekin batera; Amona putz! (Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama 2009);  Urte berri on, amona! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2011); eta  Iraila, berriz ere Altunarekin, Kalebegiak talde-filmaren barruan.

Azkenik, Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko asmoz, elkarrekin antolatzen duten Ikusmira Berriak programan Las letras de Jordi aukeratu da, Maider Fernández Iriarteren proposamena. María Elorzarekin batera Gure hormek (Zabaltegi-Tabakalera 2016) eta La chica de la luz egin ditu Fernández Iriartek; azken hori, Kalebegiak (Belodromo 2016) film koralaren barruan.