Euroeskualdeko zazpi proiektu iritsi dira Conecta Fiction programaren bigarren fasera

Euroeskualdeko zazpi proiektu iritsi dira Conecta Fiction programaren bigarren fasera

2021 Iraila 06

Conecta FICTION programak eta Akitania Berria (Frantzia), Euskadi zein Nafarroa barne hartzen dituen NAEN Euroeskualdeak telesailak, telesail laburrak eta fikziozko dokumentalak ardatz dituzten jarduera-programa berria abiarazi dute. Ekainaren 28tik 30era bitartean online egindako lehen topaketaren ondoren, zazpi proiektu bigarren fasera pasatu dira. Bilkura irailaren 13tik 17ra egingo da, birtualki zein presentzialki, Iruñeko Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditorioan.

Zazpi proiektu finalistak hauek dira: ‘Luis Mariano, todos los colores del arco iris (Lumiere Produkzioak); ‘Entre muros’ (Bixagu Entertainment, S.L.); ‘Azken abestia’ (Gariza Films); ‘Gaia’ (Aura Pictures); ‘Final cut’ (A Film To Kill For); ‘Via sacra’ (Macondo Productions); eta ‘Matadero Franklin’ (Black Panther Films, S.L.)

Proiektu horiek aukera izango dute garapenera zuzendutako kontratuak sinatzera bideratutako hainbat sari irabazteko; esate baterako, France 3 Nouvelle-Aquitaine saria edo EITB saria, bakoitza 10.000 eurokoa, edo 6.000 euroko NAEN Euroeskualdea saria, hau ere proiektu-garapenera zuzendutakoa. Gainera, Acorde Music Library saria eskuratzen duenak musika-liburutegi horretako produktuetan 1.500 euro arte gastatzeko aukera izango du. Eta Navarra Televisión sariak sustapen-klip baten grabaketa egin eta Navarra Televisión kateko programetan ezagutzera emateko aukera emango du.

Gainera, hitzordu horretan ‘Euroregion NAEN Showcase’ saioa burutuko da. Bertan, hiru eskualdeek egindako koprodukzio-gida aurkeztu, NAEN Euroeskualdean ekoiztearen ezaugarriak eta abantailak ezagutarazi, eta azken urteotan arrakasta izan duten Euroeskualde mailako hainbat proiektu aztertuko dira. Era berean, zuzeneko networking saio batean esku hartuko dute ikus-entzunezko industriako eragile nagusiek eta Euroeskualdeko erakundeek, harremanak indartu, sinergiak sortu eta ekimenak partekatzeko.

Horrez gain, Conecta Fiction topaketaren egitarauak nazioarteko profesionalei, bai Iruñera bertaratuei eta bai birtualki parte hartuko dutenei, zuzenduriko ekintzak hartuko ditu. Horrela, aditu-taulak, pitching saioak, hitzaldiak eta hiria ezagutzeko ‘Street meetings’ ekintzak egingo dira, baita telebistara zuzenduriko fikzio-industriaren egungo egoera ulertzeko eta aukerak aprobetxatzen ikasteko mintzaldiak ere. Eta publiko orokorrarekin konektatzeko, ekintza irekiak egingo dira irailaren 14an eta 15ean; besteak beste, Espainian oraindik estreinatu ez diren hiru telesailaren estreinaldi esklusiboa.

Epaimahaikideak

Epaimahaikideen artean honako hauek daude: Blanca Baena, K2000 eta Mediapro enpresetako euskal ekoizle, zuzendari eta produktore exekutiboa; Javier Holgado, gidoilari nafarra, 'The mysteries of Laura', 'La Templanza' (Amazon) eta 'El desorden que dejas' (Netflix) telesailen sortzailea; Solène Édouard, SE Talent Management talentu-agentziako kidea; Delphine Vialanet, France 3 Nouvelle-Aquitaine telebista-kateko ordezkaria, eta Aritz Galarza, ETBko Programazio eta Erosketa burua.

Jarduera guztiak NAEN Nouvelle-Aquitaine eskualdeko Gobernuaren, ALCA Nouvelle-Aquitaine-en, Eusko Jaurlaritzaren, Basque Audiovisual plataformaren, Nafarroako Gobernuaren, Navarra Film Industry-ren eta Frantziak Espainian duen enbaxadaren (Institut français de España) zuzendaritzapean egingo dira. Gainera, ekimen honek France 3 Nouvelle-Aquitaine telebista-katearen eta EiTB ikus-entzunezko taldearen babesa du, baita Acorde Music Library zerbitzuarena eta Navarra Televisión-ena ere.

 

Egitarau osoa eskuragarri dago hemen: www.conectafiction.com/programa-general.