Emakume zuzendari eta ekoizle hasiberriei laguntzeko Noka Ekoizpena programaren bigarren ediziorako izen-ematea zabalik da

Emakume zuzendari eta ekoizle hasiberriei laguntzeko Noka Ekoizpena programaren bigarren ediziorako izen-ematea zabalik da

2025 Urtarrila 07

Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Zineuskadik Tabakaleraren laguntzarekin sustatzen eta koordinatzen duen Noka Ekoizkena programak 2025eko ediziorako izen-emate deialdia zabaldu du gaur. Oraingo honetan ere, ekimenak bi lan-ildo izango ditu: gidoia bukatzea eta ekoizpena. Egitasmoaren helburua da Euskadiko, Nafarroako edo Iparraldeko emakumezko zuzendari berrien film luzeen azken fasean tutoretza eta laguntza eskaintzea. Hautagaiek aurreprodukzioaren hasierako urratsetan egon beharko dute Estatu mailako ekoizle hasiberri baten eskutik. Emakumezko ekoizle horiei prestakuntza emateko xedea ere badu programak, eta zuzendari lankidearen gidoiaren gainean lan egiteko aukera izango dute bertan.

Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.

Lau tutore arduratuko dira hautatutako bi proiektuen jarraipena egiteaz: Mar Coll eta Itsaso Arana, gidoiaren eta zuzendaritzaren atalean, eta Chelo Loureiro eta Valerie Delpierre, ekoizpenaren arloan. Modulu bakoitza emango duten profesionalak ad hoc aukeratuko dira, hautatutako proiektuen arabera.

Parte-hartzaileak

Noka Ekoizpena Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago, lehen edo bigarren filmarekin ari direnei, hain zuzen ere. Horiez gain, Estatu mailako enpresa ekoizle baten barruan lanean ari diren edo euren kabuz arituko diren emakume ekoizleek ere parte hartuko dute formakuntzan.

Proiektuak jasotzeko deialdia urtarrilaren 8tik otsailaren 12ra (12:00ak arte) egongo da zabalik, eta 2025eko otsailaren 28an jakinaraziko dira programan parte hartzeko aukeratutako bi proiektuak.

Itsaso Arana, zuzendaria, Valerie Delpierre, eta Chelo Loureiro produktoreak, Mercedes Selgas, kostu-kontrolatzailea, Sara Hernández, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiko koordinatzailea, eta Mar Izquierdo, Zineuskadiko koordinatzaile nagusia.

Lehenengo modulua martxoren 13an  egingo da Donostian, eta parte hartzea aurrez aurrekoa izan beharko da.

Zineuskadi

Zineuskadiren helburu nagusia euskal ikus-entzunezkoen sektorea estrategikoki garatzen laguntzea da, dimentsio guztietan. Ildo horretan, enpresei eta profesionalei laguntza eskaintzen die, haien garapena eta hedapena errazteko Estatuan, Europan eta nazioartean. Gainera, arreta berezia jartzen du hizkuntza gutxituetan landutako ekoizpenetan, eta, bereziki, euskaraz egindakoetan.